ELA: "Bilduk kutxekin adostu duen akordioa ez dela bete uste badu, hautsitzat jo beharko luke"

2011/09/16
Banku berria sortzeko adostu diren baldintzei emandako ezetza kutxen batzarretara ere eramango du ELAk.

Gaur eta datorren ostiralean izango diren BBK, Vital eta Kutxako batzarrak direla-eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:

  • Atzo kutxetako zuzendaritzek CCOO, Pixkanaka eta Vitaleko Grupo Independientearekin hitzartu zuten erakunde berriko langileei aplikatuko zaien hitzarmena estatu mailan negoziatuko dela. Honek esan nahi du euskal langileei ukatu egiten dietela beren baldintzak zein esparrutan erabakitzen diren hautatzeko aukera. Hau oso larria da, ELAren ustez. Atzokoaren moduko akordioekin okertzen dira lan-baldintzak. Esaten dutenean akordio horrek gehiengo sindikalaren babesa duela, ez dute aipatzen xehetasun bat: Euskal Herritik kanpoko ordezkaritzari gehiegizko pisua ematen zaiola, benetako langile kopurua baztertuta, eta horrenbestez langileen ordezkaritza desitxuratuta dagoela. Aipatzekoa da BBKn gertatu dena: zuzendaritzak ukatu egin zuen euskal esparruan legez eratutako negoziazio-mahaia irekitzeko aukera; honen ondoren, sinadurak biltzen hasi eta langileen %69ak bat egin zuten ELA, LAB eta ALEren eskariarekin, hots, euskal esparrua aintzat hartzeko exijentziarekin.
  • Bilduk kutxekin adostu zuen testua anbiguoa da, propio, eta hainbat irakurkera ahalbidetzen du. Dena dela, Bilduk hau bazekien, eta  bazekien ere kutxek negoziazio kolektiboko estatu-esparrua ezarri nahi zutela. Horregatik ez zaizkigu egokiak iruditzen atzo Gipuzkoako Diputatu Nagusiak esandakoak: Batetik, ELAk Mahaira eramandako proposamena -langileen artean  erreferendum loteslea egitea- txalotu zuen, eta bestetik, kutxek emaitza aintzat hartu behar zutela, Bildurekin horixe hitzartu omen zutelako. Garitanok eta Bilduk uste badute kutxek konpromiso hori hartu zutela, erreferendumik deitu gabe estatu-esparruko hitzarmena negoziatzea erabaki dutela ikusirik akordioa hautsitzat jo beharko lukete, ELAren iritziz.
  • Ordezkaritza duen administrazio-kontseiluetan ELAk atzo ezezko botoa eman zuen. Ezetzaren arrazoia, erakunde berriko euskal langileei ez zaiela negoziazio esparrua hautatzeko eskubiderik aitortzen, eta bankarizazioarekin, nahiz honek esan nahi duenarekin, ados ez gaudela; gainera, gizarte-ekintzaren etorkizuna ere ez dago bermatuta. Banku berria sortzeko adostu diren baldintzei emandako ezetza kutxen batzarretara ere eramango dugu.