Gehiengo sindikalaren aurkako neurriak nahi ditu Gema Zabaleta sailburuak

2010/04/03
Ekonomia eta gizarte arazoetako batzordean eta lan harremanen kontseiluan gehiengo sindikalaren aurka har daitezkeen neurriak legez itxuratu nahi izan ditu Gema Zalabaleta sailburuak.

Joan den 2010.eko Martxoaren 1ean Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburua den Gema Zabaletak, bere eskariz, agerraldia izan zuen Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun batzordearen aurrean. Bere xedea EGAB eta LHK-ren inguruko hausnarketaren ondorio eta emaitzak ezagutzera ematea izan zen, eta honekin batera, bi organoei buruzko zortzi hilabetetako azterketa eta balorazioen ondoren eta “zerikusia dutenekin alderaketa eginaz ” bere posizioak agertzea.

 

ELAk salatu nahi du Enpleguko Sailak ez duela mantendu inongo kontakturik gure organizazioarekin; hartara EGAB eta LHK erreformatu nahi da herri honetako gehiengo sindikala duen erakundearen iritzia kontutan hartu gabe. Horren harira, ezin da baieztatu, inolaz ere, prozesu hau partehartzailea izan denik. Eztabaida honetan bere interesa azaldu zion ELAk Jaurlaritzari, baina honek isiltasunarekin erantzun digu.

 

ELAk behin baino gehiagotan esan bezala, bi erakunde hauen benetako arazoa ez dago bozketa sisteman, baizik eta lan harremanen eredu sozio-ekonomikoan eta aplikatzen diren eskuineko politika publikoetan.  

 

Partehartze instituzionaleko bilbaduraren sakoneko arazoen oinarrian dago EAEko instituzioek politika neoliberalak aplikatzearen aldeko hautua egin izana, kapitala eta enpresarien zerbitzura; ondorioz, sindikatuei eskaintzen zaien partehartze instituzionalerako bideak estaldura formala hutsak dira, kasurik onenean.

 

Honek ekarri du, Confebask patronaleko idazkari nagusiak onartu bezala, egungo gobernuak, aurrekoak bezalaxe, men egitea patronalaren nahiari. Honela, patronalak ez du behar gizarte-adostasunik, euren posizio politikoari babesa emateko ez bada, behintzat. Modu honetan, gobernuak eta patronala bat eginik dabiltza eta bitartean EAEko langileon gehiengoa duen ordezkaritzari batere jaramonik ez zaio egiten.

 

Jaurlaritzak hautes-gehiengoa ez duen parlamentu-gehiengoa erabili nahi izana salatu du ELA-k; hartara EGAB eta LHK-ren bozketa sistema aldatu nahi du, 1997an PSE-PSOErekin adostu zena, bi organo horietan gehiengo sindikalaren iritziaren aurkako erabakiak hartu ahal izateko. Horrela Jaurlaritza, Confebask, CCOO eta UGT-k bide eman nahi diote gehiengoari dagozkion postuak gutxiengoa duen sindikatuei emateari, era guztiz zentzugabea eta antidemokratikoan.

 

Bestalde, Jaurlaritzak “elkarrizketa soziala” deituriko mahaia LHK-n barneratzeko duen asmoaz ohartarazi nahi du ELA-k. Guzti honek ihesbidea deritzo ELAk, azken finean eredu honetan parte hartzen dutenei finantzatzeko erabakiari legezko estaldura ematea baitu helburu; eta helburu du ere aplikatzen diren politika antisozialei babesa ematea. ELA-k onartezina deritzo LHK-n, enpresari eta sindikatuen aldebiko organoan, gobernuari lekua ematea. Onartezina da, finean, elkarrizketa sozialari babes osoa emateko LHK organoa honela erabiltzea.