Gehiengorik gabe sinatzeko jarduerak hitzarmenak ugazaben esku uzten ditu

2002/04/11
German Kortabarria, ELAren komunikazio idazkariaren adierazpenak eta Landeia 102. Editoriala
"GEHIENGORIK GABE SINATZEKO JARDUERAK HITZARMENAK UGAZABEN ESKU UZTEN DITU" (German Kortabarria, ELAren komunikazio idazkariaren adierazpenak) Negoziazio kolektiboaren legitimotasun demokratikoa bermatzeko arauak finkatu beharra dago aniztasun sindikaleko gure gizarte honetan. Dagokion negoziazio-eremuko enpresetan sindikatu bakoitzak lortutako ordezkaritzaren araberako ahalmena edo boto-portzentajea izan behar dute sindikatuek negoziazio-mahaian. Legeak berak ezarritako arauak agintzen duenez, sindikatuen eta patronalaren onespena (%50etik gora) lortuz gero bakarrik izaten da akordioa negoziazio-batzordean. Kopuru hori gainditu arte ez dago hitzarmenik negoziazio kolektiboaz. Aspaldi honetan, ordea, bestelako jarduera ari da erabiltzen noiznahi: negoziazio-mahaian gutxiengoan dauden sindikatuek akordioak adosten dituztela patronalarekin, gehiengo sindikalari bizkarra emanez. Jarduera honen adierazgarriak sektore pribatuan nahiz publikoan ikus ditzakegu (hor dago, esate baterako, EAEko administrazio orokorrean ehuneko hogei inguruko ordezkaritza soilarekin CC.OO. sindikatuak sinatutako hitzarmena). ‘Eraginkortasun mugatuko’ lan-hitzarmenak deritzen horiek trikimailuak besterik ez dira, negoziazio kolektiboa zapuzten, joko-arauak hausten eta negoziazioaren giltza patronalaren esku uzten dutenak. Hainbat helburu lortzen ditu sistema horren bidez patronalak: - Batetik, aukeran izaten du zein sindikaturekin izenpetu akordioa (eta, normalean, ez du sindikatu borrokalarienarekin sinatzen, hitzarmen merkeena eskaintzen dionarekin baizik) eta ez dio batere axola izaten patronalari sindikatu horiek gehiengorik ez edukitzea. - Bestetik, negoziazio-prozesua eteteko aukera ere izaten du, baita gehiengo sindikalaren bizkarrera sinatutakoari lan-hitzarmen itxura ematekoa ere. - Azkenik, negoziazio-eremuko langileak desmobilizatzeko ahalmena izaten du. ELAren iritziz, jokabide lotsagarria da aipatu berri dugun hori. Eta etekin ederrak ari zaio ateratzen patronala. Azken urteotan enpresa gehienek irabazi handiak izan dituzten arren, planteamendu erreibindikatibo ausartak (egoera ekonomikoarekin bat datozenak) zapuztea ahalbidetu diote patronalari gutxiengo sindikalarekin izenpetutako hitzarmenek. ‘Negoziazio kolektiborako askatasuna’ ez da (sindikaturen batek uste ez bezala) gehiengo demokratikoei eta joko-arauei bizkarra emateko eskubidea. ‘Negoziatzeko askatasun’ hori dela-eta gertatzen dira sinesgaitzak diruditen hainbat barregarrikeria: Hormigones y Canteras de Bizkaia enpresan gertatutakoa, adibidez. Guztira % 22ko ordezkaritza besterik ez duten sindikatuek izenpetu dute lan-hitzarmena patronalarekin aipatu lantegian, negoziazio-mahaiaren hiru laurdenak bazterrera utzirik. Bada garaia jokabide makur hori, negoziazio kolektiboa zikintzen duten azpijoko horiek, amaiarazteko eta gehiengoaren araberako jarduerara itzultzeko. Oinarri-oinarrizko demokrazia-araua baino ez baita sindikatu bakoitzak negoziazio-mahaian daukan ordezkaritza onartzea eta horren arabera aritzea. Bestela, gaur gertatzen ari den legez, patronalari ematen zaio hitzarmenen negoziazioa nahi bezala erabiltzeko aukera osoa. 2002-04-11. PRENTSA BULEGOA Firmar contra la mayoría (Editorial Landeia 102)