Gipuzkoako etxeko laguntzarako langileen hitzarmena sinatu da

2002/10/01
Bibiano Arbelaitz, hirugarren adineko egoitzen sektoreko arduradunarekin elkarrizketa
Bibiano Arbelaitz, hirugarren adineko egoitzen sektoreko arduraduna “Adinekoentzat zerbitzu duinak ditugu helburu” Gipuzkoako hirugarren adinekoen zerbitzu sektorean mugimendua dago: etxeko laguntzarako hitzarmena sinatu da hilak 18an, eta San Ignacio-Hno. Garate egoitzetan greban daude. Bibiano Arbelaitzek agertzen digu egoera zertan den, eta ELAren helburuak. –Sinatutako hitzarmenak zer esan nahi du? –Gero eta garrantzia handiagoa duen sektore honetan egoera arautzeko beharra zegoen, eta hitzarmen hau erreferentzia izan daiteke. –Zein baldintza izango dira aurrerantzean? –2004ra arte indarrean izango den hitzarmenean oinarritzat garbikuntzako sektorea hartu da. Orain arte batzuk garbikuntzako hitzarmena aplikatzen zuten eta besteek sektoreko estatu mailakoa (1.755 ordu). 2003an lanaldia 1.683 ordura jaitsiko da, eta 2004an, 35era (garbikuntzakoa baino lehenago). Etxez-etxe dabiltzanentzat lanorduak mugatu egingo dira, eta bideko denboraren zati bat ere lanalditzat hartuko da. –Zer beste puntu hobetu da? –Aurtengoan, Gipuzkoako garbikuntzako hileko soldata bera jasoko dute langileek, eta 2003an jauzi handia egingo da, hitzarmen haren gainetik geratuko baitira. Gainera, Geroa BGAEEan sartuko dira eta subrogazioa bermatuko da. Hitzarmenean, bestalde, beharginen %75ak kontratu finkoa izan behar duela ezarri da. –Egoitzetan eta eguneko zentroetan zer berri? –Negoziazioa blokeatuta dago, eta San Ignacio-Hermano Garate egoitzetan greban hasi dira hilaren 16an. Sektoreko geldialdia ikusirik, hobekuntza batzuk hitzartu genituen (%15eko igoera, 105.000 pezetako soldaten gainean), baina aplikatzerakoan enpresak ez du zintzo jokatu eta osagarria jasotzen duten langileei %2ko igoera besterik ez die aitortu nahi. Jendea oso erreta dago: abuztuan 36 orduko bapateko lanuztea izan zen, eta orain amai jakinik gabeko grebara jo dute. –Zergatik du halako garrantzia sektore honek? –Zerbitzuok izugarri ari dira ugaltzen, baina enplegua oso eskasa da. Horregatik, baldintza duin eta egokiak lortzea ezinbestekoa dugu. Erakundeek –aldundiak eta udalek– erantzukizun berezia dute zeregin honetan.