Gipuzkoako garbiketa-langileek hirugarren greba-eguna burutu dute

Urnieta, Eibar, Soraluze edo Azkoitiko udaletxeetan diharduten langileek ugari-ugari atxiki diote grebari, beste horrenbeste egin dute Gipuzkoako epaitegietan lan egiten dutenek, eta Zumarragako adingabeen zentrokoek.
Bestalde, greba nabaria izan da zenbait enpresatan, hala nola, Cidetec, Papresa, Inasmet, Rodisa, Cie, Domec, Ulma...
Grebaren eragina sumatu da, halaber, ikastetxeetan —Aspace edo Bergarako Aranzadi ikastola—, bestelako zentroetan —ONCE, Miramar jauregia, INE, La Bretxa merkatalgunea, Urbil—, eta bankan —BBVA, Bco. Santander edo Kutxabanken sukurtsaletan—.
Gogoan izan garbiketa-sektorearen %30ak baduela bere hitzarmena: EHU, Hezkuntza eta zenbait udal (Irun, Errenteria, Hernani, Donostia).
Garbiketa Sektorearen Hitzarmenaren eraginpeko langileek 2009az geroztik dute soldata izoztua, eta ordutik dago hitzarmena berritu gabe.
Denbora horretan zehar enpresek beren "eskaintzak” egiten dituzte, prezioak merkatzen; baina merkatze horren atzean emakume langile bat dago, eta eskaintza merkatu den neurrian jaitsiko diote soldata, eta lan berdina egin behar izango du denbora laburrago batez.
Mahaiaren azken bileran, urriaren 9an, patronalak argi utzi du lan-erreforma aplikatu nahi duela, 2010-2011-2012 urteetako soldatak izoztu nahi dituela, eta KPItik beherako igoerak hurrengoetarako.
ELAtik argiro ikusten dugu zein den bidea gure lan-baldintzak babesteko: mobilizaziorako prestatu eta antolatu. Espero dezagun lehen deialdi honi langile gehiagok erantzutea, eta baita gainerako sindikatuek ere, mahaian egindako balioespenekin bat etorriz.