Gipuzkoako metaleko grebaren aldeko jarrerak berretsi dute langileen batzarrek

2010/10/07
Gipuzkoako metalgileak babesa ematen ari dira ELAk eta LABek deitu dituzten greba egunei. Bestalde, sindikatuok salatu egin nahi dituzte enpresetan eragiten diren presioak, ugazabak grebarako zilegizko eskubidea eragozten saiatzen baitira.

Gipuzkoako metalgileak babesa ematen ari dira ELAk eta LABek deitu dituzten greba egunei. Gaur arte batzarretan bozkatuz grebaren alde agertu dira honako enpresetako langileak.  

CAF Beasain, CAF Irun, Lazpiur, CIE Legazpi, TTT Ejes, Talleres Guibe, Grupo ELAY, Hijos de Juan de Garay, Indar, Salva Industrial, Guerra Hermanos, Ulahi, Talleres Guibe, Metagra, TS Fundiciones, Stadler, STO Olaberria, Guascor, Talleres Bide, TESA Irun, Suguz, Pertusa, Tratamientos térmicos TTT, Montajes Hernani y Astigarraga, Korta, Obe Hettich, Orbinox, Recyde, Fundiciones WEC, Industrias Gol, Txintxurreta, TESA Eskoriatza, Talleres Agui, KSB Itur, Grupo Indaux taldea, Jean y Chaumond, Torunsa, Alfa Deco, Burni, Spool Sistemas,  Accesorios Industriales LOAR, Autocentro Igara, Thysesenkrupp elevatores, s.l., Electronica del urumea, Euskabea,  Jose Mª Mendiola, Talleres Mendi, Niessen, Talleres ZB, Cadarso, Talleres Bost, Mecansa, eta abar

Emaitza hauekin Gipuzkoako metalgileek hitzarmena defenditzeko jarrera argia adierazten dute, patronalak behin eta berriz negoziatzeari uko egiten dion artean. ELAk eta LABek ezinbestekotzat jotzen dute egungo hitzarmena aintzat hartzea negoziatzen hasteko. Patronalaren jarrerak, elkarrizketari bide oro itxita, sektorea aspaldian ikusi gabeko gatazkara eramaten ari da. ADEGIk dio aukera egin behar dela: grebak edo hitzarmena. Guk hasieratik argi daukagu erantzuna: HITZARMENA; sektoreko langileek ere hitzarmenaren alde, bere alde borrokarako prest daude. Hala adierazi dute lehen lau greba egunekin eta datozen zazpi egunekin ere. ADEGIren jarrera arduragabeak behartzen gaitu greba egitera. Proposamen konkreturik egin gabe bederatzi greba egunak bertan behera uztea nahi zuen. Berriro ere agerian utzi dugu negoziatzeko borondatea: lehen bi egunak bertan behera utzi eta negoziazio-mahaiaren bilera deitu genuen, baina ADEGI ez zen agertu. Nork nahi du greba? ADEGIk dauka grebaren ardura, eta berari dagokio negoziaziora itzultzeko erantzukizuna. ADEGIk negoziazioaren alde egin beharko luke, hor topatuko baititu ELA eta LAB.

 

Bestalde, ELAk eta LABek salatu egin nahi dituzte enpresetan eragiten diren presioak, ugazabak grebarako zilegizko eskubidea eragozten saiatzen baitira. Aldi baterako langileak beldurtu egiten dituzte, plantillari kaleratze mehatxuak botatzen dizkiote, eta langileen batzarrak erabakitakoa ez dute inondik errespetatzen; ustez atzean geratu ziren garaitako jokabide patronalak gogora arazten dizkigute. Haatik, metaleko langileen borondatea eta erabakia tinkoa da: kaleratu egingo dira hitzarmena defenditzeko. ADEGIk negoziazioaren bidea itxi nahi du eta erronka botatzen digu. Oraingoan ere erakutsiko diogu hitzarmen bat nahi dugula: enpresak hustu eta kaleak gure aldarrikapenekin beteko ditugu.