Greba arrakastatsua Bizkaiko erresidentzietan

“Lanuztea oso orokorra izan da. Honako erresidentzietan eta eguneko egoitzetan erabatekoa izan da jarraipena: Caser Artxanda, Misericordia, Gurena Aulaga, Igurco Umbe, Conde Aresti, Miravilla, Gazteluondo, Sanitas Barakaldo, Sar Quavitae, Fundación Miranda, Orue, Aita Menni, JM Azkuna, Astarloa, Abeletxe, Calabria, Fundación Miranda, Aspaldiko, Otxartaga, Atsoa, Albiz Sestao, Marcelo Gangoiti, El Pilar, Txurdingabarri edo Igurco, esaterako. Gainontzekoetan ere jarraipena zabala izan da. Hau esanda, salatu beharrean gaude Eusko Jaurlaritzak inposatutako gutxieneko zerbitzuak, zenbait lekuetan langileen %60koa izan delarik, izugarrizko gehiegikeria”.
Grebak helburu bikoitza du: sektorean ordezkaritza duten patronalek –GESCA, ELBE eta LARES– prekarietatearen alde egin duten apustua salatzea eta Bizkaiko Foru Aldundiari gai honetan inplikatu dadin exijitzea. Gaizka Miguelek azpimarratzen duenez, “patronalak dagoeneko murritzak diren soldaten –ez dira hilean 1.200 eurotara heltzen– jaitsiera nahi du, lanaldia handitu –urtean 1.700 eurotik gora– eta dagoeneko lortuta ditugun hainbat eskubide kendu. Langileok, berriz, argi dugu: soldata igoera duina, pribatizatutako sektore publiko honetan asteko 35 ordutako lanaldia eta gure egoera hobetuko duten beste hainbat puntu garrantzitsu, batez ere bajei, lizentziei, baimenei eta lan kargei dagokionez”.
Sektore honetan 5.000 langilek egiten dute lan, gehien gehienak emakumeak, eta ELAk erabateko gehiengoa du, ordezkaritzaren %66. Apirilak 7 eta 8 ere greba egunak izango dira. “Prekarietatearekin amaitu eta lan-baldintzak hobetu arte borrokan jarraituko dugu”, gaineratzen du Miguelek.