Gu, bagoaz

2002/10/21

Aniztasun sindikaleko sistema batek siglen aniztasuna eta lehia dakar, sindikatu bakoitzak bere esparrua finkatu eta hedatzeko helburuarekin. Ez dakar, ordea, besterik gabe eredu aniztasunik: Espainian bi sindikatu nagusiak funtsean eredu bati atxikitzen zaizkio.

Arras ezberdina da Euskal Herriko egoera, hemen bi gaik baldintzatzen baitute sindikatuen arteko desberdintasuna: Lehena, esparrua; bigarrena, berriz, are pisu handiagoa duena, eredu sindikala da. ELAren ereduak sindikatua gauzak aldatzeko tresnatzat hartzen du; aldaketa horretarako aberastasunaren banaketa zuzenagoa proposatzen du, bai negoziazio kolektiboaren bidez, baita bidezko gizarte antolamenduaren aldeko borroka sozialaren bidez ere.

Helburuak horiek izanik, bitartekoak –antolakuntza, prestakuntza ideologikoa eta borrokaren zerbitzura jartzen diren tresnak– ezinbesteko dira, bestela helburuak ezerezean geratuko bailirateke, edo estetika hutsean.

Oso ezberdina da Espainiako sindikalismoak berton ere helburutzat duen eredua; azken adibidea, Madrilen soldatak murrizteko sinatu duten ituna. Hau sinatu dutenentzat soldaten erosteko ahalmena hobetzen saiatzea gehiegizkoa omen da, eta ugazabei ez negoziatzeko aukera errazten omen die. Eredu honen aitzindariak nola edo hala sindikatuak establishmentean txertatuko dituen itunaren eske dabiltza beti.

Beraz, negoziazio kolektiboan saihestu ezineko erabakia da zein ereduren arabera jokatuko den. Baina komeni da gogoratzea aliantzek oinarrian siglak elkartze hutsa dutenean bide laburra egiten dutela, eta gutxien espero denean zapuzten direla.