Haurreskoletan sinatu den akordioa atzerapauso nabarmena da

2011/10/05
ELAren iritziz, Haurreskolak Partzuergoak, LABek eta STEE-EILASek azken hilabete luzeetan daramagun aldarrikapenetan atzerapauso nabaria suposatzen duen akordioa sinatu dute.

Partzuergoak hasieratik negoziazio mahaian jarri duen gauza bakarra, soldaten murrizketa dela eta, langileon alde irten zen epaiaren aurka jarritako helegitea kentzeko borondatea izan da, gure aldarrikapen eta mobilizazioei uko egitearen truk. Eta horixe da akordio honetan lortu duena.

Akordioak dio:

· Hitzarmen berri baten negoziazioari ekingo zaiola hitzarturiko konpromisoak betetzen badira.

· Sindikatuak aurreikusiriko greba eta lanuzteak bertan behera uztera konprometitzen direla.

· Soldatetan 2007-2009ko lan-hitzarmeneko ordainsariak mantenduko direla.

· 2012tik aurrera soldatekin zerikusia duten gaiak Mahai Orokorrean erabakiko direla eta ez sektoreko negoziazio mahaian.

· Partzuergoak murrizketen aurka langileok irabazi genuen gatazka kolektiboaren epaiaren kontra ipiniriko helegitea kenduko duela.

· Batzorde tekniko bat sortzeko konpromisoa hartzen dela antolakuntza arazoak ikusten diren haurreskola konkretu batzuen egoera aztertzeko, baita hezitzaile bakarra dagoen haurreskolen kasuan ere.

Partzuergoak gure aurka helegitea kentzea soldatetan hitzarmena bete eta epaitegiek esan dutena betetzea besterik ez da. Epaia berresten bada derrigor bete beharreko zerbait. Non da lorpena?

Akordioak dio ordainsariak 2007-09ko hitzarmenak aurreikusten dituenak izango direla. Honek, LAB eta STEE-EILAS-ek bezperan agertu zuten moduan, 2010 eta 2011ko igoerei uko egitea esan nahi du, hau da, orain arte gure soldatetan igo ez diguten %5,4ari uko egitea.

Soldaten gaia Mahai Orokorrera eramatea negoziazioa sektoreko langileetatik guztiz aldentzea da eta haurreskoletako langileen indarra eta negoziazio ahalmena guztiz ahultzea. Honek esan nahi du soldatak 2009tik izoztuta mantenduko direla 2012ra arte eta horrela jarrai dezaketela mahai orokorrean akordiorik ez badago, akordioa gutxiengoan CC.OO. eta UGTrekin egiten bada edo Eusko Jaurlaritzak soldatak izoztuta utzi edo murriztea erabakitzen badu. Partzuergoak hau nahi izatea uler daiteke, baina zergatik aldendu nahi dute LAB eta STEE-EILASek negoziazio ahalmena benetako indarra agertu dugun sektoreko langileengandik?

Arazoak dauden haurreskolak aztertzeko batzorde tekniko bat ipiniko omen da martxan, baina hitzik ere ez 2009-10eko funtzionamenduaren gainean eman diren ratio murrizketei buruz. Akordio honekin, egin dituzten ratio eta ordezkapen murrizketak bere horretan jarraitzeko txeke zuria ematen zaio partzuergoari. Arazoak modu ezberdinetan ulertzen ditugu langileek eta patronalak eta aztertu ondoren baliteteke ezer gehiago ez egitea. Honek ez du ezertara lotzen Partzuergoa eta momentuko neurriak bere horretan mantentzen jarrai dezake.

Argi ikusten dira akordio honek partzuergoarentzat dituen onurak (goiz ala berandu bete beharreko epaia bete egingo duela protesta eta aldarrikapen guztiak indargabetzearen truk), baina zaila egiten zaigu  langileoi, haurreskoletako heziketa proiektu eta zerbitzu publikoari eta dauzkagun lan-karga eta arazoei irtenbidea emate aldera dituen onurak ikustea. Ulergaitza egiten zaigu LAB eta STEE-EILASek bezperan akordiorako bere minimoak bidali ondoren (ELArentzat eskasak eta oso anbiguoak zirenak), hurrengo egunean eskaera horien nabarmen azpitik akordioa ixtea.

ELAren ustez azken hilabete luzeetako borrokak ez dute horrelako akordio ustelik merezi, beren aldarrikapenak eginez kalera irten diren langileek ez dute horrelako traturik merezi. ELAk ez du ulertzen eduki hauengatik gure aldarrikapenak bertan behera uztea, akordio itxi eta greba eta gainerako mobilizazioak bertan behera uzteko LAB eta STEE-EILASen presa, langileen batzarrik egin gabe eta langileen berrespenik gabe.

ELAk atzoko mahaian, aurrekoetan bezalaxe, murrizketak bertan behera uzteko proposamen zehatzak egin ditu:

§  Soldatei dagokionez inolako murrizketarik aplikatu gabe hitzarmena eta sententzia betetzea.

§  Haurreskoletako langileoi 2010 eta 2011 urteetan aplikatu ez zaigun soldata igoera ematea (2010: KPI (0,8) + 0,8; 2011: KPI (3) + 0,5), guztira %5,4.

§  Murrizketen aurretiko ratioak aplikatzea, hauek ondo zehazturik.

§  Hezitzaile bakarra dagoen haurreskoletan bigarren hezitzailea jartzea.

ELAk ez du inola ere akordio hau onartzen, orain arte berak eta mobilizazioa bultzatu dugun sindikatuok defendatutako oinarrizko puntuetan berresten da eta bere esku dagoen guztia egiten jarraituko du murrizketei aurre egiteko eta haurreskoletako langileon lan-baldintzetan benetako aurrera pausoak emateko.