Herri Kontuen Euskal Epaitegiak iruzurrezkotzat jo du azterturiko kontratazio ebentualaren %45

2016/07/29
Epaitegiak argitaratu berri duen urteko txostenean berriro azpimarratu da behin-behineko kontratazioaren zati handi batek ez dituela errespetatu legezko irizpideak. Txosten hori bat dator ELAk lan-prekarietateari buruz egin duen azterketarekin.

Legeak bide ematen dio behin-behineko plazak sortzeari osasun-esparruan, unean uneko beharrizanak betetze aldera; hala ere, Osakidetza formula horretaz sistematikoki baliatzen da egitura-beharrizanak ezkutatzeko, eta behar diren plazak ez sortzeko.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak horrelako 64 kontratu aztertu ditu, eta horietatik 29 kontratutan (%45,31) hau antzeman du: “egin beharreko zerbitzuen eta horien izaeraren identifikazioa falta da, eta LOSEren (Euskadiko Osasun Antolamenduaren Legea) 26.5 artikuluan jasotakoekin bat datozen edo ez zuritu gabe utzi du, beraz ez da bermatu kontratuen objektibotasuna”.

Legeak hauxe dauka ezarrita “egituran txertatzeko beharrik gabe aurreikusten diren pertsonalaren beharrizanak edo baita iraupen jakineko zereginak egiteko pertsonalaren beharrizanak ere behin-behineko estatutu-izaerako enplegu-erlazioaren bidez beteko dira, baldin eta diru-zuzkidura nahikoa badago... horrelako kontratazioek 6 hilabetera arteko denbora-muga izango dute, eta gehienez 3 urtera arte luzatu ahal izango dira”.

Hau da, azterturiko kontratazioaren %45,31etan, edo ez dira behar bezala identifikatu beharrizanak, edo legezko muga gainditu da; eta puntu horiek dira, hain zuzen, egitura-lanpostuen ezaugarriak, nahiz eta legezko adierazpenik ez izan.

2015eko maiatzean Osakidetzak jakitera eman zion Eusko Legebiltzarrari 4.612 behin-behineko postu zeudela; hortik ondorioztatu daiteke lanpostu horietatik 2.089 postu, gutxi gorabehera, egiturakotzat jo beharko zirela, eta EPE baten bidez pertsonal finkoaz hornitu beharko zirela. Osakidetzak aurreko astean emandako kopurua, aldiz, oso bestelakoa da: 275 postu finkatuko dira.

Osakidetzak lanpostu horien izaera ezkutatzen die sindikatuei. ELAk egoera horiek banan-banan aztertu nahiko lituzke, postu horietako zein den egiturakoa eta zein behin-behinekoa erabakitzeko; baina Giza Baliabideen Zuzendaritzak ez du informazio hori partekatu nahi. Hori horrela, ELA pentsatzen ari da demanda bat jartzeko aukeraz Osakidetzaren aurka, iruzurrezko lanpostu guztiak egiturakotzat jotzeko. Espero dezagun Osakidetzak fede onez negoziatzea sindikatuekin, negoziazio-mahaian adostu daitekeena berriz ere epaitegietan irabazi beharrik ez izateko.