Iraupen-lasterketa #Landeia

2019/11/13
Nola egin sindikalgintza sektore prekarizatuetan? #Landeia-ren erreportaje honek galdera horri erantzutea du helburu. Horretarako sindikatu honetako bi ordezkariren lekukotzak jasotzen dira: Igor San José eta Isa García.

Urteak daramatza Igor San Josék Gipuzkoako obrak ikuskatzen, eta dio “oso prekaritzatua eta iruzurrez betea” dagoela sektorea eta egoera horrek nabarmen eragiten diola lan sindikalari.”Krisiak lur jota utzi zituen eraikuntzako enpresa gehienak, eta handienak Aldi baterako Enpresa Elkarteetan (ABEE) batu ziren, zenbait obra publiko berenganatzearren; besteak beste, Anoetako estadioa, metroa eta AHTa. Obra horietako askotan, ia automatikoa izaten da prozedura: oso merkeak dira esleipenak; epeak, berriz, oso laburrak, eta bata bestearen atzetik etortzen dira azpikontratazioak. ABEEetako enpresek apenas egiten duten lanik zuzenean, oso txikia iruditzen baitzaie irabazi-marjina. Honenbestez, lanak banatu egiten dituzte, eta zenbait enpresa piratari azpikontratatzen. Normalean, atzerrikoak izaten dira enpresa horiek, obra-amaierako kontratuak sinatzen dituzte, eta ez dute ordezkaritza sindikalik izaten”.

Emigranteak izan ohi dira azpikontrata horietako langileak, eta ia-ia esklabotzaren pareko lan-baldintzak jasaten dituzte. Bestalde, gehienek ez dakite Gipuzkoan lan egiten badute probintzia horretako eraikuntzako hitzarmena aplikatu behar zaiela; gainera, gehienek ez dakite gaztelania (are gutxiago euskara), eta zer esanik ez sindikatuez eta sindikalismoaz. Lorpenak, berriz, pixkana-pixkana lortzen dira, pazientzia handiz, etengabe eta animotsu jardunez.

Obrarik obra egin behar izaten da lan sindikala.

“Ia egunero bisitatzen dugu obraren bat. Jendearekin harremanetan jarduten gara, zer eskubide dituzten azaltzen. Kontratuak eta nominak erakusteko eskatzen diegu. Haien konfiantza gureganatzen saiatzen gara, baina ez da lantegi erraza, beldur asko baitago. Oztopoak oztopo, hilabete batzuk igaro eta lana fruituak ematen hasten da, normalean behintzat. Beti egon ohi da langile ausarten bat, hau edo bestea galdetzen duena; bestela, haien nazionalitate bereko ordezkariren bat eramaten dugu obrara. Norbaitek beren hizkuntzan hitz egiteak konfiantza ematen die; ireki egiten dira. Orduan hasten dira beren egoera azaltzen, eta hor agertzen dira jasaten dituzten legez kanpoko zer guztiak…”.

Donostiako Anoetako estadioa berritzeko obra dugu horren adibide garbia. Azpikontratatutako 20 enpresa salatu ditu ELAk, baita berritze-obra kudeatzen duen ABEEa bera ere, arrazoi hauengatik: iruzurrezko kontratazioagatik, dokumentuak faltsutzeagatik eta oinarrizko segurtasun-arauak eta laneko eskubideak ez betetzeagatik. Orduko bost eta zortzi euro ordaintzen diete langileei (emigranteak, gehienak), hau da, Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenak agintzen duena baino % 40-60 gutxiago; hamabi ordutik gorakoak izaten dira lanaldiak… Lan Ikuskaritzak berak baieztatu duenez, dokumentazio faltsifikatuaz baliatuta aritu dira lanean 200 langile baino gehiago.

Eta garaipenik lortzen bada (Anoetako estadioko obretakoa, adibidez), poza ez da erabatekoa izaten: banaka egin behar dira erreklamazioak, eta askok ez dute aurkezten, beldur direlako lana galduko dutela, edo jada obra edo herrialde horretan ez daudelako. “Gure kalkuluen arabera, 4,5 milioi euro inguru ez dituzte ordaindu enpresek. Ikuskaritzak arrazoia eman digun arren, langile askok ez dute kobratu (ezta kobratuko ere) diru hori. Gogorra da ikustea nola, askotan, nahi duten guztia lortzen duten enpresek, baina gure sindikatuak dagokiona egiten du; ezin dugu ez ikusiarena egin”.

Batzuetan ez da atsegina izaten gure lana, baina ez da alferrikakoa. Langile batzuk sorterrira itzultzen dira, eta sindikatuarekiko lotura galdu egiten dute. Beste askok, baina, hemen jarraitzen dute, zenbait obratan lanean. Eta badakite ELAren laguntza izango dutela. “Metroaren lanak bisitatzera joan garenean, adibidez, beste obra batzuetan gurekin harremanetan jardun den jendea aurkitu dugu. Horrelakoetan, askoz ere azkarragoa eta errazagoa izaten da dena, bai baitakite gutaz fida daitezkeela. Gure sektoreko garaipen sindikalek lan antolatua, egituratua, jarraitua eskatzen dute, eta pizgarri paregabea dira obrarik obra lan sindikala egiten jarraitzeko”.

“Haserre nahi ditugu, ez etsipenak jota”

Zerbitzuen alorrean egiten du lan Isabel Garcíak, eta ohituta dago garaipen txikiez ‘elikatzera’. “Izugarria da enpresa horietako prekarietate-maila, eta edozer jasateko prest egoten da jendea, bizirauteko nahitaez behar baitu soldata. Horrelakoetan, are beharrezkoagoa da sindikatuaren jarduna, baina langileek beldurra dute dagokiena eskatzeko; izan ere, ahulak sentitzen dira, eta legeak apenas ematen dien babesik”.

Azken esperientzia sindikala: Bizkaiko Pízzerías Domino’seko greba. Gazte-talde batek ELAra jo zuen, UGTk eta CCOOk ontzat eman baitzituzten haien lan-baldintzak, guztiz penagarriak. Zenbait bileraren ondoren, antolatzea eta borrokatzea erabaki zuten. Zenbait jende kaleratu egin zuten (“kontratua ez berritzea” deitzen zioten), mehatxuak egin ziren, greban zeuden langileen ordez beste batzuk kontratatu ziren… “Kate handiek eskura dituzten baliabide guztiak erabiltzen dituzte beren negozioari eusteko. Milioiak irabazten dituzte langileen prekarietatearen kontura”.  Azkenik, bertan behera geratu zen greba, grebalarietako batzuek udan lan hobeak aurkitu eta alde egin baitzuten…, enpresak kaleratu baino lehen. “Oso jende gaztea da, eta gehienek lehenbiziko lana dute. Ez daukate esperientziarik ez lanean, ez jarduera sindikalean, eta askok bere horretan onartzen dute jasaten duten egoera”.

Zenbait ustez, porrot sindikala izan zen Domino’seko borroka, baina Isak ez du hala uste. “Garaipentzat jo behar da neska-mutiko talde batek antolatzea eta enpresari aurre egitea erabaki izana. Ereinda dago borrokaren hazia; lehenago edo geroago berriro erneko da, eta lan-baldintza hobeak lortuko dituzte Agian bataila honi bizkarra eman diote, baina ez gerrari. Beste lan bat aurkitu dutenek badute jada ELAren berri, eta berriro borrokatuko dira, lan berrietan, egoerak hala eskatuz gero”.

Isak dioenez, beldurra da nagusi ostalaritzako langileen artean. Gainera, emigrante askok egiten dute lan sektore horretan, eta ez dira ausartzen esplotazioaren aurka borrokatzera, behar-beharrezkoa baitute lanpostua. “Denei eragiten digu prekarietateak, baina emigranteen egoera are larriagoa da, ahulagoak dira eta. Izan ere, euren burua ez ezik beren jatorrietan utzi duten familia ere mantendu behar dute askok. Drama pertsonal larriak ezagutzeko aukera izan genuen Constant azpikontratako greban, adibidez, zeina irabazi egin baikenuen. Prekarietatea dela-eta, langile batzuek enplegu bat baino gehiago dute, soldata duin bat lortzeko. Beraz, ez da erraza jendea sindikatuko bileretara etortzea, militatzea…”.

Sindikalista horren iritziz, mugarria izan da krisia jendearentzat. “Lehen baino beldur gehiago dago. Sarri entzuten dut: ‘Ez nago ondo, baina, gutxienez, lana daukat…’. Zabaldu den etsipen horrek ez dio uzten jendeari borrokatzen. Eta horren aurka ere jardun behar dugu”. Aitortzen du Isak batzuetan frustrazioa eragiten diola bere lanak, “adibidez, egoera bidegabeak aldatzea lortzen ez dugunean, hau da, askotan”. Baina ohartzen da mundua behetik aldatzea benetako iraupen-lasterketa dela. “Gaur egun, indar mentala, ausardia eta baikortasun-dosi handiak behar dira sindikalista izateko, eta lorpen txiki bakarra garaipen handi gisa ospatu behar da”.