Gipuzkoako Metalaren Hitzarmena azken mugara iritsi ote da?

2010/09/20
Aurtengo urtea erabakigarria da Gipuzkoako Metalean lan egiten dutenentzat. Jokoan duguna ez da makala, gure eguneroko lan-baldintzak nolakoak izango diren hurrengo hamarkadetan.

Kapitalismo basatiak sortu du krisia, eta orain, krisiaz baliaturik, negoziazio kolektiboari eraso nahi diote, azken urteotan ezagutu ez dugun bezala. Gipuzkoako patronalak koma bat bera ere ez du mugitu 9 hilabetetan, eta irmo jarraitzen du eskatzen soldatak jaisteko, lanaldia 120 orduz luzatzeko, eta probintzia-hitzarmenaren ia lorpen guztiak bertatik ezabatzeko.

Negoziazioaren lehenengo hilabeteetan patronalak atzera egingo zuela uste genuen. Baina, bai zera! Orain oker ibiltzeko inolako beldurrik gabe esan dezakegu ADEGIk Gipuzkoako Metalaren Hitzarmen Kolektiboa desagerrarazi nahi duela.

Patronalak badaki sektoreko sindikatu nagusiak (ELA eta LAB) bere eskakizunen aurka agertuko direla; baina, hala ere, ADEGIk, Gipuzkoako Hitzarmenaren ordez, Estatuko Metal Hitzarmena ezarri nahi du, CCOO eta UGTrekin Madrilen negoziatzen duen hitzarmena. Orain arte ez da Estatu-mailako Metal Hitzarmenik izan; baina, patronalek, CCOOek eta UGTk lorturiko akordioari esker, probintzia-mailako hitzarmenak kendu eta Estatu osoko bakar bat ezarri nahi dute. Orain dela gutxi osatu dute negoziazio-mahaia Madrilen. Horregatik ez dugu aurrera egiten Gipuzkoako hitzarmenaren bileretan, ADEGIk nahita negoziazio-bidea eragozten duelako. Patronalak itxaron nahi du Estatuko hitzarmena argitaratu arte.

Gipuzkoan lan egiten dutenentzat bertan negoziatutako hitzarmenen ordez Estatu-mailakoak jartzea atzerapauso ikaragarria izango da lan-eskubideei dagokienez. Adibide bat jartzearren: 1. mailako ofizial batek, Gipuzkoako Hitzarmenaren arabera, 22.230,43 € jasotzen du urtean, 1.697 lan-orduren trukean. Madrilgo hitzarmenean, ordea, 15.257,50 € ezartzen dira, eta 1.767 lan-ordu. Eta hori, hitzarmen bietako artikuluen edukia alderatu gabe, askoz onuragarriagoa baita Gipuzkoakoan.    

Hitzarmen bien artean alde ederra egon arren, ADEGIk gogoko ez dituen galderak plazaratu nahi ditugu guk:  Soldata txikiagoak eta lanaldi handiagoak edukita, emankorragoa al da Estatu Espainoleko metala? Ez. Euskal industria hobeki gainditzen ari da krisia? Bai.

 Alemaniak, bere aldetik, bidea erakusten digu oraingo honetan ere. Industria modernoa eta lehiakorra edukitzea da Europako hazkunde industrialaren bultzatzaile horren giltzarria; nahiz eta Gipuzkoako lanaldia baino laburragoa izan, eta soldatak handiagoak.   

Estatu-mailako hitzarmen berriak soldataren %30eko jaitsiera ekarriko digu, eta lanaldiko askoz ordu gehiago. Berezko hitzarmena duten enpresetan, banako hitzarmen horretan jasotzen ez den guztia Estatuko hitzarmen berri horren arabera arautuko da. Gainera, hitzarmen berriak ordezpen kaltegarri bat erraztuko du: eskulan garestiagoaren partez langile berriak eta merkeagoak kontratatu ahal izatea, hau da, enplegu duinaren ordez enplegu prekarioa. Estatuko hitzarmenaren beste helburu bat enpresa-mailako hitzarmenei ahalik eta autonomia gehien kentzea da, eta horretarako, negoziazio-bidea mozten dio zenbait gairi, enpresa-mailan eztabaidatzeko aukerarik izan ez dezaten.

Patronalak kostuak merkatu nahi izatea ez da oso gauza harrigarria; baina gure lan-baldintzen aurkako eraso horretan CCOO eta UGT laguntzaile aritzea amorragarria da benetan. 

Geureari eusten ez badiogu, krisi honek mugarri bat jarriko du gure lan-bizitzaren bidean, nekez ahaztuko dugun mugarria. Iraganean gure hitzarmenaren alde borrokatu duten guztiei, eta gure atzetik datozen langile guztiei zor diegu.  Borroka egingo dugu oraingo krisi hau Gipuzkoako Metalaren Hitzarmenaren azken muga izan ez dadin.

Unai Martinez,

ELA-Metaleko idazkari nagusia.