Jaurlaritzaren curriculum dekretu berriaren atzean PSE-PP paktuaren proiektu ideologikoa dago

2010/04/01
ELAren esanetan Jaurlaritzaren curriculum dekretu berriaren atzean PSE-PP paktuaren proiektu ideologikoa, Euskal Herria eta euskararen lausotzea, biktimen erabilera politikoa eta Espainiaren uniformatzea ezkutatzen dira.

Komunikabideen aurrean Isabel Celáa, Hezkuntza Saiburuak, eta Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, ezagutzera emandako Hezkuntza curriculum dekretuaren aurrean ELAk bere kezka eta desadostasuna agertzen du.
Lehenik eta behin, berriro ere tamalez esan beharrean aurkitzen gara Jaurlaritzak dekretu honetan hezkuntza eragile ezberdinen ia iradokizun eta gomendio gehienak jaso dituela dioen arren, herri honetan eta hezkuntzan gehiengoa duen sindikatu honekin ez dela inondik inora harremanetan jarri eta beste eragile garrantzitsu askorekin ere inongo kontakturik izan ez duenaren egiaztapena dugula. Horren adierazle da dekretu honen berri komunikabideen bidez besterik ez izatea.
Prentsaurrean agerturiko edukiei dagokienez, ELAk kezka berezia agertzen du dekretua aurrera ateraz gero euskarak eta euskarazko irakaskuntzak sufrituko duen egoeraz, Euskal Herriaren errealitate historiko, kultural, sozial eta nazionala indargabetzeko asmoaz eta pairatzen dugun egoera politiko eta sufrimenduaren inguruan egin nahi den erabilera politikoaz. ELAren ustez curriculum dekretu berri hau, gobernu hau euskara, euskal kultura eta nortasuna, Euskal Herriaren naziotasuna eta gatazka politikoa eta honen biktimen inguruan hartzen ari den erabakien barruan kokatzen da.
Hizkuntzei begira, herri honek eta hezkuntza sistemak duten oinarrizko beharra ez da euskararen eta gaztelaniaren arteko berdintasun normatiboa, bi hizkuntzen eta bereziki euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko duen hezkuntza eredu berri bat baizik. Eta bide honetan, guztiz kontrako norantzan, berriki ezagutu dugu zein den Hezkuntza Sailaren proposamena, ingeleraren ezagutza bultzatzeko aitzakiarekin, gaztelania indartu eta euskararen presentzia eta ezagutza murriztu eta kolokan jartzen duen hiru eleko hezkuntza proposamena. Honi gehitu behar zaio irakasleak euskalduntzeko programan, IRALEn, egin dituen murrizketa garrantzitsuak edo aurrematrikulak egiterakoan A reduaren inguru eztabaida bezpizteko ahalegina.
Jaurlaritzak, hezkuntza “eduki ideologiko partidistetatik” aldentzeko aitzakiarekin Euskal Herria hizkuntza eta kultura eremu batzuetara mugatzen duenean, PSE eta PPk adosturiko gobernu programa, herri hau eta Espainia ulertzeko duten modua eta beraien proiektu ideologikoa ezkutuan inposatu nahi dute. Horretarako gainera, herri honen gehiengoaren borondatea alde batera utzi eta mespretxatuz “pluraltasuna, kohesioa eta berdintasunaren” izenean. ELAk ez du gehiengoaren nahia alde batera uzten duen pluraltasun eta berdintasunean sinesten.
Azkenik, dekretuaren zehaztasun gehiago izan gabe, oso kezkagarria iruditzen zaigu Jaurlaritzak eskoletan Giza Eskubideak eta terrorismoaren biktimen gaia lantzeko premia nola ulertzen duen eta honetara zerk bultzatzen duen. Gobernuaren dekretuak badirudi zalantzan jartzen duela orain arte eskoletan irakasleek Giza Eskubideak lantzeko modua eta biktimekiko eginiko sentikortze lana. Komeni da argi esatea eta azpimarratzea Euskal Herriko eskoletan irakasleek jada lantzen dituztela Giza Eskubideak eta badutela biktimekiko sentikortasuna.
Hau honela, ELAren ustez biktimekin ikasgeletan bestelako lan bereziago bat egitea ezin daiteke hala nola harturiko erabakia izan, are gutxiago momentuko interes politiko partikular batzuei begira. Erabaki honek askoz ere zabalagoa den, eta ez dela egin uste dugun, bestelako hausnarketa eta proposamen pedagogikoa behar du. ELAren iritziz biktima guztiekin elkartasuna lantzearen azken asmoa sufritzen ari den gizarte oso baten eta elkarbizitzaren adiskidetze eta berradiskidetzea izan behar da, horretarako sufrimenduaren arrazoi eta iturriak gainditu eta guztion artean zauriak sendatzen saiatuz. Ez dugu uste Jaurlaritzaren proposamenak hau guztia jasotzen duenik eta gure zalantza agertzen dugu helburu hau betetzen duen.
Hau guztia honela eta gobernu hau euskararen inguruan hartzen ari den erabakiak kontuan izanda, Euskal Herria ulertzen duen moduan ulertuta eta gatazka politikoan kokatzen den modua kokatuta, dekretuaren zehaztapen gehiagoren zain, Jaurlaritzaren curriculum dekretu berriaren atzean PSE-PP paktuaren proiektu ideologikoa, Euskal Herria eta euskararen lausotzea, biktimen erabilera politikoa eta Espainiaren uniformatzea ezkutatzen direlakoan gaude.