Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege aurreproiektuak egungo hezkuntza ereduari eutsiko dio

Batetik,hainbat arlotan asmoak besterik ez dira azaltzen (horietako gehienak orain arte indarrean zegoen legedian ere bazeudenak), baina ez da horiek garatzeko edo bermatzeko neurririk zehazten. Bestetik, ondoren garatuko ditugun gai garrantzitsuenetan Eusko Jaurlaritzak bere kabuz onartuko dituen dekretu eta araudien bidez garatuko dira. Ondorioz, ez dago jakiterik nola garatuko diren. Demokratikoki iruzurra egitea da hori, gizarteari eta Legebiltzarrari eztabaidak ezkutatzen baitzaizkio. ELAren iritziz, prozedura honek helburu bakarra du, egungo hezkuntza ereduari eustea.
ELAk sakoneko aldaketa nahi du hezkuntzarako. Jakin badaki egungo Hezkuntza Legeak ezin dituela indarrean dagoen ereduaren arazo guztiak konpondu, baina lege berriak norabide aldaketa sakon bat ekarri beharko luke. Euskal eskola publiko-burujabea du helburu sindikatuak, eta norabide horretan aldaketak eragitea da ELAren zioa. Aurreproiektu hau onartuz gero, ordea, ez da aldaketa hori gertatuko. Izan ere:
• Ez da curriculum propioa garatzeko biderik aurreikusten. Ondorioz, egun bezala, Euskal Herria marko erreferentzial bilakatzeko aurreikuspenik ez dago, ezta hezkuntza desmerkantilizatzeko neurrik ere.
• Orain arte legez, doakotasuna aldarrikatzen da, baina ez da hori bermatzeko neurririk eta baliabiderik ezartzen, ezta doakotasuna ez dagoen kasuetarako ondoriorik ere.
• Segregazioari aurre egiteko neurri guztiak dekretu bitartez garatuko dira, ondorioz, ez dago jakiterik eskolek ikasle zaurgarri kopuru orekatuak izateko baldintzak egongo diren. Ikasle zaurgarriei laguntza bereziak emateko irizpiderik ere ez da azaltzen. Aurreproiektuan ez dago aipamenik heziketa bereziko profesionalei buruz, ez da esaten euskara ezagutzen ez duten eta ikasturtean zehar heltzen diren ikasleei zein laguntza eskainiko zaien, edo eskolaz kanpo gertatzen diren desorekak orekatzeko neurriak zeintzuk izango diren. Guztiak ere ekitatezko gizarte bat eraikitzeko ezinbestekoak.
• Ez da garatu borondatez publifikatu nahi duten eskolentzako bideorririk, aipamen bat besterik ez dago xedapen gehigarri batean. • Hiru irakas hizkuntza izango direla ezartzen da, ondorioz, egun euskara nagusi den D ereduan presentzia galduko du, eta besteetan ez da bermatzen legeak ezartzen duen B2 maila gauzatzeko aldaketarik.
• Ez dago finantziazio aurreikuspenik, eta egun EAEn hezkuntzak Europako batez bestetik oso beherako inbertsioa du.
• Eskolen autonomia aldarrikatzen da, baina berau posible egin dezaketen baliabiderik ez dago.
• Eskola komunitatearen parte hartzea ez da arautzen (badira hainbat organo, baina gehienetan ez dago gutxieneko araudirik) eta kasu batzuetan desarautu egin da. Esaterako, Euskal Eskola Kontseiluaren kideen izendapen eta funtzionamendu araudia desagertu egin dira, aurretik legez araututa zegoenean.
Gainera, ELA sindikatuarentzat oso kezkagarria da kalitatezko hezkuntza eskaintzeko beharrezkoak diren lan baldintzei aipamenik ez egitea, besteak beste, izugarrizko behinbehinekotasuna, eskolen itxieraren mehatxua eta lan kargen hazkunde handia pairatzen duten profesionalak ezinbestekoak direnean kalitate hori bermatzeko.
ELA elkarrizketarako prest da Eusko Jaurlaritzarekin zein Legebiltzarreko alderdiekin, beti ere aipatutako eduki eta gaietan eztabaidarako prestutasunik bada. Hori gertatu ezean hezkuntza komunitateko beste eragileekin batera mobilizazioak eta grebak sustatuko ditu, hezkuntza eredu propio baten alde eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko lan-baldintzen alde.