ELA sindikatuak publifikazioaren aldeko jarrera jakina du, baina, erabaki politiko horren ondorioak ezin dira berriro ere langileen gain erori. Hau da: erakunde publikoek azpikontratazioaren aldeko apustua egiten dutenean, langileek baldintza okerragoak izatea eragiten da (orokorrean). Publifikatzeko erabakia hartzen denean, sarri horrek suposatzen du ordura arteko langileek eskubideak (edota lanpostuak) galtzen dituztela. 15 edo 20 urte lanpostu berberean egon ondoren, publifikazioaren ondorioz lanpostua galtzen dute. Erakunde publikoen erabakietan, beraz, langileak galtzaile.
ELAren iritziz, publifikazioa bidea den arren, hiru puntuok bermatu behar dira: langile berberak, baldintza berberekin (gutxienez), eta betirako. Hau da, erretiroa hartu edo lana utzi arte. Ondoren, deialdi publikoa eta oposaketak deitzea da bidea, gure ustez.
Publifikazio prozesuek, baina, kasuz kasuko azterketa behar dute.
Oñatiko Udalari zein EH Bildu-ri proposamenok egin zaizkio, baina hain zuzen ere bigarrenak oztopatu du akordio orokorra. Ez dago irizpide politiko argirik: zergatik herri batzuetan bai eta besteetan ez? Zergatik ez da ausardia nahikoa izan guztia publifikatzeko? Zeinek eta zergatik, zein irizpiderekin egiten da publifikazioa, eta zergatik ez da egiten?
Sindikatuak kalitatezko enplegua defendatzen du:egonkorra eta lan baldintza ahalik eta onenekin. Publifikazioaren aldeko apustu garbia egiten dugu, baina langileak kaltetu gabe.