Kalitatezko eta doako gizarte-zerbitzuen aldeko ekitaldia Laudion

2007/05/30
"Por un sistema de servicios sociales público, universal y gratuito. Zaindua izatea, eskubide" . Hori izan da ELAk maiatzaren 31rako Laudion antolatu duen ekitaldien izenburua. Helburua kalitatezko eta doako gizarte-zerbitzuak aldarrikatzea izan da.

Goizeko 10:00tan azterketa bulegoko arduradun Mikel Novalek, Ibaizabal-Nerbioi eskualdeko arduradun Donato Caballerok eta ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak hitz egin dute Laudioko Institutuan. 12:00tan, berriz, manifestazioa egin da.

Hau da ELAk kalitatezko eta doako gizarte zerbitzuen aldeko ekitaldirako prestatu duen testua.

Gizarte-gastua Euskal Herrian Europako Batasunaren bataz bestekotik askoz beherago dago. Ekonomian sortzen diren 100 eurotik EAEn 18’9 baino ez dira bideratzen gizarte-babesera, Europan 27’6. Bataz bestekora iristeko, urtero 6.000 milioi euro falta zaigu (bilioi bat pezeta).

Gizarte-zerbitzuen arloa da defizit gehien dugun arloetako bat, Europako Batasunaren aldean. Gizakia bere kabuz baliatzerik ez badu, gehienetan herri-erakundeek ez diote inolako laguntzarik ematen. Egoitza publikoetako plaza-kopurua oso txikia da, eta ugalduz badoa ere, ez da nahikoa ezta beharrizanen igoera betetzeko ere. Beste horrenbeste esan genezake etxez etxeko laguntzari dagokionez, biztanle gehienak bazter batera geratzen baitira. Eta jasotzaileek oso ordu gutxitako laguntza jasotzen dute.

Egoera horren arrazoia gizarte-zerbitzuei buruz indarrean dagoen Eusko Legebiltzarraren legean bilatu behar dugu, ez baitio eskubiderik aitortzen menpekotasun-egoeran dagoen jendeari. Hori horrela, aldundi eta udal bakoitzak, zeinek bere esparruan, egokitzat jo izan duen politika burutu du, beti ere aurrekontu-izendapen urriaz horniturik. Hau da, legeak ez du eskubiderik bermatzen, eta eskudun erakundeek ez dituzte gizarte-eskubideak garatu.

ELAk eskatzen duena zera da: izapidetzen ari den gizarte-zerbitzuen legean argi eta garbi jasotzea menpekotasuneko jendearen eskubidea, menpekotasun horretatik datozen beharrizanak beterik izateko. Gure bizitzan zehar, une batean edo bestean, menpekotasuneko egoeraren bat pairatuko dugu, eta orduan botere publikoen laguntza jaso beharko genuke, dohainik eta modu unibertsalean eskainita. Osterantzean, oraingo egoerari betiko eutsiko diogu, eta laguntza oso garestia izango da edo, bestela, senideek lagundu beharko digute, gehienetan, emakumeen kontura.

Gai hori ez da jolasean ibiltzekoa; baina herri-erakundeek, zoritxarrez, propagandarako erabiltzen dute batez ere. Espainiako Estatuan Menpekotasunaren Legea onetsi zen, baina egoera ez da hobetu. Guk arrisku hori aldez aurretik salatu genuen. EAEn, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek utzi behar diote fardela elkarri pasatzen.
Bada garaia pertsonen eskubideak interes pribatuen gainetik jartzeko, eta gizarte-beharrizanetatik negozioa egiten dutenen interesak bigarren mailan ipintzeko. ELA menpekotasuneko laguntzak emateko sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde agertuko da, beti ere eskubideen legezko onarpena oinarria harturik.