Kutxabank-en pribatizazioaren kontrako elkarretaratzea egin dute ELA eta LABek Donostian

2015/03/17
Kutxabank-en izaera publiko eta soziala babesteko, PNV, PSE eta PPren trikimailuak salatzeko, Kutxabank beren txosna pribatua bihurtzen ez uzteko, pribatizazio-prozesua salatzeko, eta Kutxabank finantza-marrazoentzako bazka ez izateko, Kutxabank-eko langileen enplegu-galera eta lan-baldintzetako murrizketak salatzeko ELA eta LAB atal sindikalek mobilizazioak antolatu dituzte Kutxabank-en. Gaur elkarretaratzea egin da Donostian.

Lehengo euskal kutxen pribatizatzeko eta kitatzeko prozesua aurrera doa. Hirutarikoak (PNV, PSE eta PP) jarraitzen dio hitzez hitz “banka-elite bizkarroi”aren planari. Azken batean elite horri ematen zaio euskal kutxen pastel goxoaren oparia.

Horretarako kontratatu dute presidente berria, Villalabeitia jauna. Batetik, ondare publiko horren izen ona lohitzeko, eta “ezin saihestuzkoa” bultzatzeko; hau da, Kutxabank-en erabateko pribatizazioa gauzatzeko. Eta bestetik, errentagarritasuna ahalik eta gehien handitzeko. Eta horrela adierazten du presidenteak parte hartzen duen foro eta esparru guztietan. Lehen helburua, eta bakarra, errentagarritasuna handitzea da, finantza-marrazoak inguratu daitezen, eta etekinak arpilatu ditzaten.

Ez dago aitzakiarik, ezta etikarik ere: gehiago irabazi nahi dute, harik eta lehertu arte. Presidenteari soldata %83 igo diote, 800.000 €-ko mailaraino, eta gainera badira beste gauza batzuk isilpean gordetzen dituztenak, eta guk ezagutu nahiko genituzkeenak; besteak beste, presidentearen “kontratu blindatua” eta “ezkutuko pentsio-plana”. Ez dago ezer hoberik kontzientzia eta etika-sena sorgortzeko, kontu korronte puztua edukitzea eta elite baten kide sentitzea baino. “Gizarteaz eta jende xehe, ezjakin eta moldakorraz gaindi dagoen eliteko kide” sentitu omen dira.

Gero eta gehiago irabazteko, eta errentagarritasuna handitzeko, enpleguan eta lan-baldintzetan murriztu behar da, eta aldi baterako kontratazioak are gehiago prekarizatu. Ehun urtetik gorako euskal kutxek laneko ardatz nagusi zuten hura: euskal gizarteari zerbitzua ematea, ezabatuz doa. Errentagarritasunari begira bakar-bakarrik.

ELAtik behin eta berriz eskatuko dugu Kutxabank publikoa eta gizarte-izaerakoa izatea. Lehengo kutxen ardatz nagusia, gizarte sortzailearentzako zerbitzua, ez dugu galtzen ikusi nahi. Horregatik diogu ezetz pribatizazioari, eta baietz Kutxabank publiko eta soziala zaintzeari. "Herriarena eta herriarentzat”.