"LABen erabaki hau, gizatasunez gorde behar diren gutxieneko joku arauak eta elkarrekiko begirunea puskatzera etorri da."

2005/02/28

Aldolfo Muñoz (negoziazio kolektiboko arduraduna), Izaskun Garikano (Gizalaneko federazio idazkaria) eta German Kortabarriak, prentsaurrekoa eman dute Bilbon LABen jarrera salatzeko.

KOMUNIKATUA

Osakidetzako sektorean LABek -UGT eta CCOO lagun izan dituelarik- zuzendaritzarekin sinatu berri duen aurreakordioak erabateko balorapen ezkorra merezi digu. Bai testuinguruari begiratuz eta baita ere bere edukietan. Haserako harriduraz gain -ez bait genuen espero honelako saldukeriarik- funtsean gizatasunez gorde behar diren gutxieneko joku arauak eta elkarrekiko begirunea puskatzera etorri da LABen erabaki hau.

Arestian esan beharra dago, aurreakordio hau gutxiengoak sinatutakoa dela, alegia gehiengoaren aurka sinatu da. Hainbat aldiz LABek gaitzetsi duen minorien erabileraren joku berdinean erori da eta oraingo honetan CCOO eta UGT aukeratu ditu bidailagun bezala.

LABek %21,3ko ordezkaritza du negoziazio mahaiean eta CCOO eta UGT-k estaduko legediak ( Askatasun sindikalerako Legeak) oparitzen dien ordezkaritza zuzenarik gabeko presentzia dute bertan. Beste sindikatuok % 78, 61 eko ordezkaritza dugu.

Osakidetzaren esanari burumakur eta zintzoki men eginez, bere sinesgarritasuna galdu du LABek. Ez du lotsarik izan Euskal Erkidegoko osasun publikoaren langile gehienen interes eta aldarrikapenen aurka aritzeko.

Gainera, Osakidetzak negoziazio kolektiboa eragozteko erabili duen indarrezko eta inposaketazko prozedurari baikortasunez ekin dio, beharrezkoa zuen estaldura politiko eta mediatikoa eskeiniz.

Beraz, abaguneko azterketak alboan utziaz, euskal gehiengo sindikalak barneraturik genuen printzipioetako bati -gehiengoari errespetoa- muzin egin dio eta erroetatik hautsi du LABek. Honela patronalaren eskutan utzi du negoziaketaren dinamika, hain zuzen, errazen eta merkeen saltzen diren sindikatuekin bat eginik.

Gauden unetan, hauteskunde usaina nabaritzen denean, euskal osasun sistemak jasaten duen hondoraketaren irudia aldarazteko eta, finean, greba lehertarazteko ere jarri da LAB Osakidetzaren esanetara.

Bestalde, sektoreko mobilizapenak eta grebak inoiz baino eraginkorrak eta indartsuagoak diren unean etorri da sinadura. Horren xede eta helburua argia izan da. Greba lehertaraztea, alegia.

Langileek, argi dugu, ordea, lan harremanen munduan saldukeria honek izen aproposa duela eta, greba ez babesteaz gain, eskirol moduan jokatu dute.Osakidetzaren langileen interesak mespretxatuz, patronalarekin bat egin dute grebek eragina izan ez dezaten.

Eszenatoki honetan administrazioaren interesak agerian daude; baita CCOO eta UGT-renak, langileek eman ez dieten protagonismoaz jokatu nahiean.

Baina zer irabazten du LABek patronalaren aginduak jarraituz eta sektoreko langileon aurka arituz? Erabakiaren larritasuna ikusirik, sektoreko langileek juzkua egina dute eta sinatutako edukien exkaxia begistatuz, greban jarraitzeko erabaki sendoa hartua dute. Gehiengoa dugun sindikatu arteko adostasuna erabatekoa da izendaturiko greba egunak betetzeko eta ziur gaude horien oihartzuna gero eta zabalagoa izango dela.

Azkenik, hasitako bideari ekiteko animatu nahi ditugu sektoreko langileak bere aldarrikapenak onartuak izan daitezen arte.