Lan arloko auzitegiak SAS enpresa zigortu du greba eskubidea urratzeagatik

2014/09/04
Iruñeko Lan Arloko 4. Auzitegiak SAS AUTOSYSTEMTECHNIK S.A. zigortu egin du greba eskubidea urratzeagatik; horrela, berretsi egin du greba egunez enpresa-batzordeko buruak eta ELAko ordezkariek salatu ondoren lan ikuskaritzak ireki zuen arau hauste-akta.

2013ko irailaren 26ko greba orokorrean, zeina ELAk eta beste sindikatu batzuk deitu zuten, Volkswagenen hornitzaile den SAS enpresak legez kanpo jokatu zuen, langileak ordezkatu egin baitzituen katea gelditzea saihesteko. ELAko ordezkariek erabakia salatu egin zuten lan ikuskaritzan, eta honek legez kanpokoa zela ebatzi zuen; orain, berriz, auzitegiak enpresa salaketa sartu zuten sindikatuei kalteordaina ematera zigortu du.

Epaiak dioenez, SAS enpresak, VWren hornidura geldiaraziko zuela ikusirik, greba egin ez zuten langileei eskatu zien lanaldia aparteko orduak sartuz luza zezatela; batzuk postuz aldatu zituen eta haurrak zaintzeko lanaldia murriztuta zuten langileei ordu gehiago lan egin araziaz.

Epaiaren arabera, “greban dauden langileak salatutako enpresako beste langile batzurekin ordezkatzea, zeinei aparteko orduak sartzea eskatu zien, hauek beste txanda batzutakoak izanik, oinarrizko eskubideari egindako eraso nabarmena da, ez zeuden langileak ordezkatu baitzituen, eta grebak berezko dituen eraginak izan zitzan galarazi zuelarik.”

Epaileak dio ere “barne-eskirolaje izenekoa debekatuta dago, eta honek esan nahi du enpresarioak ezin dituela bere mugikortasun geografiko edo funtzionaleko ahalmenak erabili greba eskubidea gauzatzea galarazteko”.

Epaiak aintzat hartzen du kalteak ez duela bueltarik, eta ezinezkoa dela kalteordainarekin salaketa sartu zuten sindikatuak aurreko egoerara itzultzea. Horregatik, enpresarioak jokabide hau errepika ez dezan, modu prebentiboan ELAri 8.000 euro eta LABi 4.000 euro ordaintzera behartzen du, oinarrizko eskubideak urratzeagatik eta eragindako kalteengatik, moralak eta bestelakoak.

ELAk uste du epai honek agerian uzten duela enpresa honen jokabide antisindikala; SASi eskatzen diogu errotik alda dezala lan-harremanez duen ikuskera, askatasun sindikala eta langileen eskubideak errespeta ditzan.

Azkenik, sindikatu honek ohartarazi nahi du honelako praktikak ez direla bakanak; bestalde, badira beste ez egiteko batzuk ere, esaterako gehiegizko zerbitzu minimoak edota enpresa askok egiten duten xantaia; hau guztia oharkabean pasatzea nahi dute, eta aldi berean langileen ekintza kriminalizatu. Horregatik, ELAk aurrrerantzean ere greba eskubidearen alde egingo du, lan-baldintzen defentsarako ezinbesteko tresna den aldetik, eta eskubide hau urratzen duten enpresak salatzeari ez dio utziko.