Lan Harremanen Kontseiluko presidente Martin Auzmendiren jarreraren inguruan

2006/04/27

ELAren iritziz Martin Auzmendi Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidenteak joan den martxoaren 29ko bileran izandako jokabideak ez dauka ez hanka ez bururik, eta bere karguarekiko ez da bat ere egokia izan. Bilera hartan LHKko buruak arazo instituzional bat mahairatu zuen, nahiz eta berak onartu arazo horrentzako konponbiderik ez daukala, eta ordurarte ELAk erabateko diskrezioz erabilitako auzi bat plazaratu egin zuen. Jokabide arduragabea izan zen, ELAren iritzirako.

Egia da hau gertatu baino bi hilabete lehenago ELAk Martin Auzmendiri beronekiko harreman konfederala etenda uzteko erabakia jakinarazi ziola; izan ere, ELAren ustez LHKko presidenteak alderdikeriaz jokatu zuen, edo behinik behin axolagabekeria ezin larriagoz, Pferd-Rüggeberg S.A. (Caballito) gatazka bideratzeko laudoan egiteko erabakigarria eman baitzion enpresaren interesen alde erabat lerratuta zegoen pertsona bati; pertsona honek, gainera, Caballitoko gatazkan enpresaren aldeko jarrera nabarmena agertu zuen aurretik, eta LHKko presidenteak bazuen enpresaren aldeko jarrera honen berri. Gogoratu beharra dago Caballitoko auzia ez zela ohiko interesen arteko gatazka, funtsezko eskubideei buruzkoa baizik: jokoan zegoen despota moduan jokatzen zuen zuzendaritza bati greba batean parte hartzeagatik jendea kaleratzeko baimena ematen zitzaion edo ez.

Beraz, ELAren aburuz LHKko buruak bere eginbeharrarekiko hutsegite larri bat egin zuen; halaber, sindikatuaren iritziz ebatzi zen laudo zitalean Auzmendiri bazegokion nolabaiteko erantzukizunik, bere erabakiak bideratu baitzuen hein batean. Hartara, ELAk LHKko presidentearekiko alde biko harremana etetea erabaki zuen.

Dena dela, ELAk erabaki hori alde biko esparrura mugatu du, eta ahaleginak egin ditu plazara ez zedin. Sindikatuak ez du horrekiko ezein polemikatan nahastu nahi.

Gainontzean, ELAk Lan Harremanen Kontseiluko zereginetan betiko moduan parte hartzen jarraituko du.