Lan-Ikuskaritzak kondenatu ditu Durangoko Udala eta Zabaltzen-Sartu elkartea, 13 langile legez kontra laga izanagatik

2015/09/09
Lan Ikuskaritzak Durangoko Udala eta Zabaltzen-Sartu Elkartea kondenatu ditu, legez kontrako kontratazioa egiteagatik; eta hortaz, arrazoia eman dio ELAri, zeinak salaketa bat aurkeztu baitzuen Lan Ikuskaritzan, aipaturiko elkarteak, 2013ko azaroan, 13 langile kontratatu eta gero. Langile horiek kontratatzeko arrazoia, herriko kale eta eraikinetan, igeltsero-, lorazain- eta mantentze-lanak egitea zen. Durangoko Udalaren eta Zabaltzen-Sartu Elkartearen jarduera “oso larritzat” jo du Lan Ikuskaritzak.

Zehazkiago esanda, Durangoko Udalak, 2013ko urriaren 17ko Aginduari atxikiz, Enpleguaren Eskualde Planak sustatzeko diru-laguntzak eskatu zizkion Lanbideri —162.500 euroko diru-kopuru bat—, hiriguneak berroneratzeko 2013-2016 Enplegua Areagotzeko Programaren barruan.

Zabaltzen-Sartu enpresak hiru hilabeterako kontratatu zituen langile horiek, Herri Lanetako Taldeko langileek beren zituzten atazak egiteko, nahiz eta enpresa horrek ez jardun bideak edo eraikinak mantentzen, ezta obra zibilean edo lorezaintzan ere. ELAren iritziz langileen legez kontrako lagapena izan zen argi eta garbi; gainera, Durangoko Udaleko Herri Lanetako Taldearen egitura-plantillan postu hutsak zeuden. Diruz laguntzekoak ziren aldi baterako postuak ez ziren izango lanpostu berriak, lehenagotik zeuden postuak baizik.

ELAren ustez kontratazio hori, Udalaren partez, Zabaltzen-Sartu Elkarteak egiteko arrazoia nahikoa frogatua geratu da dagoeneko, eta ez zen besterik soldata-kostuak merkatzea baino; zeren langile berriak Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmenaren eraginpean jarri zituzten, indarrean dagoen Udalhitz hitzarmenaren pean jarri beharrean.

ELAren ikuspegitik Durangoko Udalean gertatutakoak, Lanbideko Administrazio Kontseiluaren abalaz egindakoak, zalantzan jarri ditu herri-erakunde batzuen enplegu-politikak. Izan ere, enplegua sortzea benetako helburu bat dutela sinestarazi nahi diote jendeari, baina benetan kalitatezko enplegua suntsitu eta prekarietatea zabaltzen dute. Oraingo kasu honetan argi ikusi da enplegu-planak ez direla baliagarriak enplegua sortzeko.

Alde horretatik, gogoratu beharrekoa da ELAk kritikatu zituela Lanbideren 2012ko enpleguaren eskualde-planei atxikitzeko baldintzak, eta baita gainbehera etorritako barrutien aldeko laguntzak eskuratzeko baldintzak ere. Gero, gobernuz aldatu ostean, aipaturiko programaren ordez, Enpleguaren Eskualde Planak sustatzeko laguntzak sortu zituzten, 2013-2016 Enplegua Areagotzeko Programaren barruan, eta 2015. urterako, 20 milioi euroko aurrekontua izan du.

ELAk enplegu-politikak zeharo aldatzeko eskatzen du; horretarako, herri-erakundeek (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta toki-erakundeak) erabili izan dituzten murrizketa-politikak amaitutzat jo behar dira, enplegua suntsitzeko baino ez baitira, eta enplegu duina eta kalitatezkoa sortzearen aldeko apustua egin.