Lan-osasunaren aldeko mobilizazioak izan dira gaur Gasteizen

2005/11/29

ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuak deituta, gaur lan istripuen aurkako mobilizazioa ugari izan dira Gasteizen. Goizean, Ogeta pilotalekuan, hiru sindikatueko ordezkariek mitin bat eskaini dute. Orotara 1.500 ordezkari bildu dira. Horren ostean, manifestazio bat egin da, "Patronal aseezina, langileak hiltzeko makina" lelopean. Elkarretaratzea Arabako patronalaren egoitzaren aurrean amaituko da.

Ekintza honen bidez, sindikatuek patronalak lan ezbeharretan duen ardura salatuko dute. Estatistikek argi erakusten dutenez, lan egoera eskasetan lan egiten duen langile batek lan ezbehar bat izateko hiru aldiz aukera gehiago ditu. Manifestazioaren ostean, ELAko ordezkari Eustakio Uragank ondorengo komunikatua irakurri du.

Orain dela gutxi, Eusko Legebiltzarreko batzorde batean Confebaskeko ordezkaria azaldu zen, lan-ezbeharren arrazoiak aztertzeko eta bere konponbideak eskaintzeko. Han egindako adierazpenen artean honako hauek plazaratu zituen: sindikatuok estatistikak manipulatzen ditugula, eta aurrezaintzak ez daukala zerikusirik istripu guztien ezta erdiekin ere. Gainera, Confebasken ustez, infartuak deskontatu behar dira. Gero, gaineratu zuen istripu-kopuruak kasuan kasuko sektorearen arrisku-mailaren gorabeheran daudela, eta ez prekarietate-mailaren gorabeheran.

Bere hausnarketaren ildotik, lan-ezbeharrak loturik daude gehiegi ausartu nahi izatearekin, etxeen altuerarekin, eta arrisku-zaletasunarekin. (Ikusi besterik ez dago entzierroan korritzeak ze-nolako zirrara ematen duen). Confebask azalaren azalean geratu zen, mamian sartu gabe, eta gainera, begirune eskasa erakutsi zion Legebiltzarrari, eta langileei ere bai, osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen baitute lan egin bitartean, eta zer esanik ez istripu larria edo heriotzakoa jasan duten biktimei eta inguruko jendeari.

Lan-ezbeharren eta lanbide-gaixotasunen datuek errealitatearen zati bat baino ez dute islatzen. Benetako datuak are larriagoak dira. Lanbide-gaixotasunek, kardiobaskularrak ere barne, jasotzen diren heriotzak baino askoz gehiago eragiten dituzte. Aurrezaintza-politikarik ezarekin duen lotura zuzena zerbait frogatua da. Ezbeharrek prekarietatearekin eta azpikontratazioarekin duten lotura zalantzan jarri nahi izatea, begien bistakoa eta egiazkoa den gauza bat ukatzearen parekoa da. Estatistikek eta azterlan fidagarri guztiek, datozen lekutik datozela, argiro baino argiroago esaten dutena ezin da auzitan jarri. Lan-ezbeharren tasa arazo larria da, berez, sektore guztietan; eta prekarietateak biderkatu egiten du, ia hiru aldiz, istripua izateko arriskua.

Ugazabek horrelako adierazpenak egiten dituztenean, egokitzen zaien erantzukizuna alboratu nahi dute. Patronalaren dirugosea, irabazi nahikeria, horixe da lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen arrazoi nagusia. Ez dute legea betetzen, ez dute inbertsiorik egiten segurtasun eta osasun arloan; ez dituzte, beraz, beharrezko segurtasun-neurriak hartzen.

Baina orain edonorentzat oso argi geratu da langileok lehenagotik ere bagenekiena: Confebask-ek eta ordezkatzen dituen enpresaburuek ez dute batere gogorik lan-segurtasuna eta osasuna konpontzeko bidean jartzeko neurririk hartzeko. Lan Arriskuak aurrezaintzeko Legea indarrean sartu zenetik hamar urte igaro eta gero, ukitu gabe eta orbangabe gorde nahi dute erakusteko, baina ez ordea aplikatzeko.

Administrazioak gogoan hartu behar du han esandakoa, ondorioak atera, eta neurriak hartu. Administrazioak gai hori seriotasunez hartzera behartzen ez duen bitartean, segurtasun-neurriak betetzen diren begiratuz eta betetzen ez diren guztietan zehapenak jarriz; enpresaburuek jarraituko dute, guri adar joka, eta langileen osotasun fisikoa eta osasuna arriskuan jarriz.

Sindikalistok gure ekintza sindikalaren erdian ezarri behar dugu arrisku gabeko lanaren helburua. Lan-ezbeharrak eta lanbide-gaixotasunak gatazka baten ondorio dira, lan-harremanetan nagusitzen den gatazkaren ondorio. Eta, beraz, benetan konpondu nahi badugu arazoa, zinez ekin beharko diogu negoziazio kolektiboan eta ekintza sindikalean. Helburu horrekin, ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuok kanpaina bati ekingo diogu datozen hilabeteetan. Helburu hori bera zabaldu behar dugu Euskal Herriko enpresa guztietara. Segurtasuna erreibindikatu behar dugu: zenbat eta eskubide gutxiago, orduan eta arrisku gehiago.