Legebiltzarrak ez du aintzat hartu ELAren ordezkaritza EITBko Administrazio Kontseiluaren hautaketan

2017/05/17
ELAk Eusko Legebiltzarrari galdegin dio bertan behera utz dezala EITBko Administrazio Kontseiluaren hautaketa, eremu sindikaleko errealitate demokratikoaren aurkakoa izanik. Alderdi guztiek laugarren aldiz jarraian ELA baztertzea erabaki dute, eta karguen banaketa ezkutuko itun baten arabera egin dute; ondorioz, bigarrenez jarraian LABi eman diote EITBko Administrazio Kontseiluko ordezkaritza.

ELAk salatu egin du Eusko Legebiltzarreko talde politikoen erabaki arbitrarioa, datozen lau urteetarako EITBko Administrazio Kontseilua hautatzerakoan; bozketa horretan alderdi politiko guztiek EAEko sindikatu nagusia (%40tik gorako ordezkaritza duena) baztertu egin dute laugarren aldiz jarraian.

Legeak Legebiltzarrari ematen dio Administrazio Kontseilu horretako 19 kideak izendatzeko ahalmena, eta ezartzen du gutxienik lau erakunde sozial eta kulturalek proposatu behar dituztela; erakunde hauen artean berariaz aipatzen dira sindikatuak. Bada, Legebiltzarreko taldeek kide horietako 15 gutxi gora behera modu proportzionalean banatu dituzte (EAJ-PNVrentzat 5, EH Bildurentzat 3, Elkarrekin-Podemosentzat 2, PSE-EErentzat 2 eta Pprentzat 2), eta ados jarri dira (Kontseilua hautatzeko botoen %66 behar baita) gainerako laurak Euskaltzaindiari, Eusko Ikaskuntzari, EKAri (Kontsumitzaileen elkartea) eta LAB sindikatuari emateko.

Beraz, laugarrengoz jarraian ELAk aurkeztutako hautagaia baztertu egin dute, eta inposatu dutena arrazoi ilunen araberako banaketa arbitrarioaren fruitu izan da. ELAk azalpen bakarra du honi buruz: kontua da sindikatuaren autonomia politikoa zigortzea.

2006ko (UGT), 2009ko (CCOO) eta 2013ko (LAB) bozketetan bezala, oraingoan ere alderdi politikoek eutsi egin diote demokratikotik gutxi duen jarrerari; bulegoetan iritsi duten ituna ezin diote iritzi publikoari azaldu, ELA baztertzen duelarik. Duela lau urte bezalaxe, LAB izan da gure sindikatuari ezarritako betoaren onuraduna.

Gogoratu beharra dago kargu banaketa honek lan munduko ordezkaritzaren eremua inbaditzen duela, behar besteko zilegitasun demokratikorik gabe; eremu horretan euskal langile klaseak erabakitzen du sindikatu bakoitzari dagokion ordezkaritza maila. Esaterako, EITBko Administrazio Kontseilua hautatu izan den uneetan ELA zen EAEko sindikatu nagusia, honako portzentajeekin: %40,69 (2006an), %40,18 (2009an), %39,67 (2013an) eta %40,35 (2017an).

Haatik, lau aldiz Legebiltzarreko akordioak ez du aintzat hartu hauteskunde sindikaletako emaitzaren printzipio demokratikoa, eta EITBko Administrazio Kontseiluan ordezkaritza sindikala beste sindikatu batzuri eman die (azkeneko bietan LABi). ELAk argitu nahi du hau salatzen duenean ez dela eskatzen ari organo horretan beti eta bera bakarrik izatea ordezkari sindikala; halere, ezin da onartu euskal klase politikoaren aldetik (inolako salbuespenik gabe) ELA baztertzea ohitura bilakatu izana .

Horregatik, ELAk Legebiltzarreko alderdiei eskatzen die akordioaren arrazoiak azal ditzatela. Izan ere, erabaki demokratikoak eta arbitrarioak bereizteko zein motibaziok bultzatu dituen ezagutu behar baita. Eta izendapen hau ez da arrazoitu. ELAk salatu behar du apetazko erabaki hau antzinako politikari dagokiola. Gainera, ELAk galdegiten du 8/1998 legearen erreforma, hots, EITBko Administrazio Kontseiluaren hautaketa arautzen duena, bermatzeko Legebiltzarrak kontutan izaten dituen irizpideak ez dutela urratzen beste eremu sozial edo sindikaletako zilegitasun demokratikorik. Bitartean, Legebiltzarrak gure ustez ordezkari sindikalaren izendapena bertan behera utzi behar du, eta beste bat hautatu, euskal langile-klasearen eskubide demokratikoak errespetatuak izan daitezen.