Lopezen Gobernuak enplegu publikoa suntsitzeko eta zerbitzuak pribatizatzeko neurriak hartu ditu

2010/09/23
Soldatak murriztu eta gero, Jaurlaritzaren jarraibide batek agintzen du plazak kentzeko eta sei hilabetetik beherako ordezkapenik ez egiteko. Lehenago ere gabeziak baziren, langile gutxiegi zegoelako; orain are handiagoa izango da beharra, eta zerbitzua ematen dutenek ez ezik herritarrek ere ordainduko dute.

Patxi Lopez da zerbitzu publikoen aurkako erasoaren aitzindari. Bere Ekonomia sailburuak esanagatik Euskadi atzeralditik atera dela, Lehendakariak Espainiako Gobernuari esandako guztian men egitea erabaki du eta murrizketa politikei eutsiko die. Orain helburua enplegua suntsitzea eta arlo publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak ahultzea da.

Erabaki hauek hartuta Patxi Lopezek argi uzten du berez ekinbiderik ez daukala, beste inoren gidoia puntuz-puntu jarraitu besterik ez baitu egin. Erabakitako guztiak helburu bera du, zerbitzu publikoak hondatzea. Jarraibide honekin egindako urratsa zerbitzu publikoei emandako azken kolpea izan liteke, baina baita langileei eta gure sindikatuari luzatutako gerra-adierazpena ere.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak, 2010eko langileria-gastua murriztearren, eman duen jarraibideak honela dio:

- Ez da baimenduko 6 hilabetetik beherako ordezpenik, aldi baterako ezintasuneko kasuetan, baimienetan eta ordaindutako lizentzietan.

- Eskuarki, ez da inor kontratatuko zeregin-pilaketa dela-eta.

- Titularra duten ala ez begiratu gabe, ezinbestekotzat jotzen ez diren lanpostuak amortizatzea proposatzen da. Orokorrean, 2010. urtean erretiroagatik edo heriotzagatik hutsik geratu diren lanpostu guztiak suntsituko dira.

- Plaza berririk sortzea bertan behera utzi da.

- Gainera, jarraibidearen arabera, ordezpenak eta zeregin-pilaketak murrizten badira, oporrak beste era batera antolatu beharko dira, eta laneratze-ezagatik egin gabe geratzen den lana gainerako langileek egin beharko dute.

- Baimenak zerbitzu-beharrizanen baldintzapean emango dira.

ZER ONDORIO IZANGO DU HONEK ZERBITZU PUBLIKOETAN?

ZENBAIT ADIBIDE:

-Osakidetzan udatik hona dagoeneko ez dira ordezten baja eta baimen egoerak, ezta lanez gainezka dauden guneetan ere, larrialdietan esaterako. Gurutzetako ospitaleko larrialdietan azterketa gunean ohiko 5 erizain laguntzaileen ordez 3 besterik ez dira egon.

-Lehen atentzioan ere murrizketa somatu da; udan biztanle kopurua asko gehi-tzen den herri batzutan ere ez da pertsonal gehigarririk kontratatu, hau ohikoa izan den arren, lan handiagoari aurre egiteko. Bajak eta baimen-egun solteak ere ez dira ordezpen bidez osatu, eta lana zeudenen artean egin behar izan da. Zenbaitetan kontsulta ixtera ere iritsi dira.

- Irakaskuntza publikoan, ordezpenak egiten dituztenei eskainitako plaza kopurua gutxitu egin da; baina gainera, hauek irailaren 1ean hasi ordez 7an ekin diote lanari; soldatak aurrezten dituzte, baina ikasturtea prestatzerakoan eragozpen handia ezarri diete.

- Bestalde, ikasturte hasieratik hona, bost egunetik beherako bajak, pertsonal finkoaren lanaldi murriztua, lizentzia eta baimenik ez da osatzen.

- Justizian ere ondorioak nabarmenak izango dira. Gaur dagoeneko edozein auzitegi edo justizia-administrazioaren menpeko zerbitzu lanez gainezka dago. Izan ere, pertsonako 150 eginbide dituzte esku artean. Zer gertatuko da langileak ordezten ez direnean? Justiziako langileek daukatena baino lan handiagoa onar ote dezake? Garrantzi handiko zerbitzuek, -erregistro zibilek, zigor-arloko betearazpenen ardura dutenek-, kaltea bete-betean jasango dute.

- Ordezpenak ez dira egingo, horiei dagokien lana banatu egin beharko da eta, era berean, Lanpostu-Zerrendetan jasotako plazak, hots, plaza estrukturalak, desagertu egingo dira. Jaurlaritzak Funtzio Publiko sailaren bidez erabaki nahi du zein plaza ken daitekeen, sistemarentzat beharrezkoak zein diren, beteta egon ala ez. Honelako amortizazioak Osakidetzan eta Hezkuntzan ikusi ditugu dagoeneko.

- Orain arte gobernu bat ere ez da ausartu honelakorik egiten.

ONDORIOAK

- Betiere eskaintzen den zerbitzu publikoa okertu egingo da, baina langileak ere kaltedunak izango dira, gehiegizko lanari egin beharko baitiote aurre. Hezkuntzan, ikasgeletan ez dira behar adina irakasle izango, eta ikasketa helburuak ez lortzeko arriskua dago. Ez dagoen lankidea ordezten duen irakasleak zaintzaile papera besterik ezin izango du egin.

- Osakidetzan gaixoek paiartuko dute gabezia hau; kontsultak itxiko dira, itxaron-zerrendak luzatu, larrialdiak are gehiago beteko dira...

- Jaurlaritzako esparru guztietan (Justizia, Administrazio Orokorra...) berez lan handia duten beharginei are eginbehar gehiago emateak hutsegiteak eragingo ditu.

- Ez dagoena ordeztu behar duen pertsonalaren lan-karga handiagoa izango da, eta ordezko langileen baldintzak okerragoak izango dira. Guztientzat areagotuko da presioa.

- Zerbitzu publikoen kalitatea zalantzan: Urtetan adierazi izan dugu kezka zerbitzu publikoen kalitatea milaka langileren ahaleginak bemartzen zuelako; hauek erabaki politikoen ondorioz sistemak zituen gabeziak osatu izan dituzte orain arte, baina jarraibide honekin hori ez da posible izango.

HELBURUA: ARLO PUBLIKOA ARGALTZEA ETA AHULTZEA

Zein ote da helburua, kostuak murriztea edota zerbitzuak pribatizatzeko bidea urratzen hastea?

Urtetan salatu izan ditugu administrazio honek dituen hiru ajeak:

- plantilla ez da nahikoa: ez dago lan-kargei aurre egiteko adina langile;

- prekarietatea: administrazioan milaka lagun ari da aldi baterako kontratuaz lanean

- Azpikontratazioaren mehatxua: Gero eta zerbitzu publiko gehiago ipintzen dute esku pribatuetan, azpikontraten bidez edo enpresa publikoak sortuz.

Hiru gaitz horiek eragin dituzte azken urteotako mobilizazioak sektoreko langileen aldetik. Horiek saihesteko asmoz eta krisia borrokatzeko era on bat enplegu publikoa sor-tzea zela aldarrikatuz, Patxi Lopezen gobernuak konpromisoa hartu zuen, Mahai Orokorreko Akordioan, 13.000 plaza eskainiko zituela, plantillaren %30ari egonkortasuna emate aldera (orain aldi baterako kontratuekin, lege-iruzurrean dihardute). Jarraibide hau aplikatzearen ondorioz, aipatutako akordioan hitzartu ziren 13.000 plaza horietatik 5.700 ez direla aterako. Soilik 2010an 1.100 plaza estruktural deuseztuko dira, amortizatu eta lanpostu-zerrendetatik desagerraraziko dituzte.

Jarraibide hau aplikatzeak arlo publiko guztian eragin ezin okerragoa izango du. Lehenago ere gabeziak baziren, langile gutxiegi zegoelako; orain are handiagoa izango da beharra, eta zerbitzua ematen dutenek ez ezik herritarrek ere ordainduko dute.

PRIBATIZAZIOAREN BIDEA

Erabakiok gehiago dirudite zerbitzu publikoei erasotzeko aitzakia bat, gastua murrizteko ahalegina baino.

Honen adibide, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ertzainburu guztiei bidali dien komunikazioa, ertzainen ordez segurtasun pribatuak har ditzakeen postu guztien zerrenda egin dezaten.

Lopezen Jaurlaritzak honela jokatuz zerbitzu publikoak deuseztatu nahi ditu, noiz eta gizarteak gehien behar dituen unean. Ahal den maila eskasenera murriztu nahi ditu, arlo pribatutik eskainita baten batek negozioa egin ahal dezan. Horregatik, arlo publikoko langileak maiatzaren 25ean jakera atera ginen, eta mobilizatzen jarraituko dugu, zerbitzu publikoak SUNTSITZEKO asmotan baitatoz.