MaiatzaK 28, eusko legebiltzarra eta nafarroako parlamentuaren aurrean bilkurak "ETXEBIZITZAREN EKUBIDEAREN ALDE" goizeko 11:00etan

2004/05/25

Maiatzaren 28an Hego Euskal Herriko 54 elkarte eta gizarte mugimenduk Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean konzentrazioak egingo ditugu, etxebizitza urratutako eskubidea dela salatzeko, eta aldarrikapen batzuk plazaratzeko. guztion artean adostutako egoeraren azterketa eta proposamenak artikulu honetan jasotzen ditugu.

Etxebizitza oinarrizko eskubide unibertsala da, heziketa, osasuna edota elikaduraren parekoa. Eskubide horren betetze ezak gure giza-duintasunaren aurkako eraso zuzena ekartzen du, oinarrizko beharrari erantzuten baitio. Hala ere, instituzioek ez dute eskubide hau bermatzen euskal biztanleentzat.

Ondorioz, gaur egun Euskal Herrian eskubide honen merkantilizazioa gertatzen da eta etxebizitzarako sarbidea merkatuaren legeen eta espekulazioaren menpean gelditzen da. Eskubide honen urraketaren emaitza lehen mailako gizarte arazoa dugu, sektore pribatu batzuk aberasten diren bitartean. Arazoa larriki areagotzen da zenbait kolektiboei dagokienean: gazteak, emakumeak, langabeak, guraso bakarreko familiak, lan egoera prekarioan daudenak, etorkinak, pentsiodunak, etab.

Egoera honen aurrean aldarrikatzen dugu:

  • Etxebizitza eskubidea da, beraz merkatuaren logikatik kanpo kokatu beharra dago.
  • Instituzioen politika erabat aldatu behar da gizartearen beharrei erantzuna emateko eta ez interes pribatuak babesteko.
  • Administrazio ezberdinen etxe-bizitza alorreko aurrekontuen handitzea derrigorrezkoa da, benetako beharren arabera.
  • Diru publikoa etxebizitza publikoaren zuzeneko sustapenera bideratu behar da, honela baliabide publikoen aprobetxamendua bermatuko da eta xede pribatuei erantzuten dien bitartekaritza saihestuko da.
  • Alokairu sozialaren aldeko apostu sendoaren bitartez ororen sarbidea bermatzea eta administra zioaren baliabideekin espekulatzeko aukera desagertzea lortu behar da. Alokairu horren ordainketa mugatzea beharrezkoa da, bestelako beharrak eta eskubideak betetzeko oztopoa bilaka ez dadin.
  • Apostu hau benetakoa ez den bitartean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, gaur egun etxebizitza gastuak ordaintzeko ia erabat erabiltzen direnak, zeharo bermatuta egotea derrigorrezkoa da, milaka familia kale gorrian geldi ez daitezen.
  • Egoera honetan etxebizitza hutsak luxu onartezina dira. Beraz, hauen aprobetxamendua ziurtatzen duten kontrol (administrazioak horretarako baliabideak ditu) eta zigor neurriak eratu behar dira (desjabetzapena neurriak ere aurrera eraman daitezke).
  • Lurraren kudeaketa interes sozialaren araberako erabilpena bermatzen duten legeek arautu behar dute. Legeek lurrarekiko espekulazio jarrerak saihestu beharko lituzkete (jarrera hauek, besteak beste, udalek izan dituzte, finantziaketa bide erabili ohi baitute lurra).
  • Etxebizitza eskubidearen urraketa gertatzen den inguru honetan, premiazkoa da okupazioa eta bere zigor egoeraren inguruko hausnarketa.
  • Aurrezki Kutxek, haien betebehar soziala kontutan hartuta, dirua bideratu behar dute etxebizitzaren arazoa konpontzeko helburuarekin, eskubide honen urraketaz baliatuta aberastearen ordez.

Politikak aldatzeko bide bakarra mobilizazioa da. 28koa hurrengo hilabeteetan jarraipena izango duen elkarlanaren pausu bat besterik ez da.

MIKEL NOVAL (Landeia 118; 2004ko maiatza)