Maiatzaren Lehenean ere #pobreziarigerra!

2018/04/13
Aurtengo Maiatzaren Lehena aukera bikaina da feminismoak (M-8) eta pentsiodunek kalera eraman duten errebindikazio oldea indartzeko. Parean daukagun erronka ez da nolanahikoa. Ezin ahaztu krisiak eta erabaki politikoek beldurraren tirania areagotu egin dutela. Jendeak gero eta beldur handiagoa du. Inoiz izan den jendarterik seguruenean bizi arren, sekula ez gara gaur adina larritu. Barruraino eragin digute ikara, edozer gerta daitekeelako uste izugarria. Aski da albistegiak ikustea.

Krisia menperatzeko tresna da. Sistemak ustezko etsaiak gure klasearen baitan sortzen dizkigu: immigranteak, errefuxiatuak, gizarte-prestazioak jasotzen dituztenak... Edozein, harrapaketa nagusiaren egileak nortzuk diren ahazteko bada. Mundu guztian jendartea atzerakada kontserbadore batean murgildu da, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Horretan saiatzen dira gobernuak eta korporazio handiak, eta, horregatik, kontrako lana egin behar dugu, langile-klaseak ez dezan jo posizio kontserbadore eta xenofoboetara. Hau gertatuko balitz eskuin muturraren garaipena litzateke. Hau garrantzia handiko kontua da, eta ELAk erabaki du borrokatu egingo dituela pobrezia eta beldurra. Batik bat bestearenganako beldurra, hurrean bizi den eta etsai bihurtu nahi diguten horrenganako beldurra pizteko estrategia hori dugu jopuntuan. ELAk behin eta berriz ozen esango du: Hemen inor ez da soberan.

Pobreen arteko gerra piztu nahi dute: enplegua dutenak langabezian daudenen aurka; aldi baterako kontratua dutenak finkoen aurka; lanaldi partziala-lanaldi osoa; arlo publikoa-arlo pribatua; “paperak” dituzten migranteak eta ez dituztenak; prestazioak jasotzen dituztenak eta eskubiderik ez dutenak... Hau guztia langile-klasea zatikatzeko politikan sartzen da. Horregatik, Maiatzaren Lehena dela eta ELAk mezua gogoratu nahi du: Eskubide guztiak, berton bizi diren guztientzat.

Asko gara hori pentsatzen dugunok. Ez gara beste aldera begira jarriko. Eta badakigu zeri ekin. Oraintxe bertan hasita. Lana gero eta prekarioagoa da, eta desberdintasuna areagotzen ari da; ugaltzen ari dira jornal negargarriak dituzten enpleguak. Honez gero lana ez da beti bizimodu duina izateko bermea: gero eta langile txiro gehiago dago.

Emakumeek pairatzen duten diskriminazioa ez da amaitzen, ez lan arloan, ezta eremu sozialean ere (pentsioak, langabezia, zaintza...). Gazte gehienak etorkizunik ez izatera zigortzen dituzte (langabezia, prekarietatea, etxebizitzarik izateko aukerarik ez…). Gobernuek pentsioak eta gizarte-prestazioak jaisten dituzte. #Ongizate estatua zena subsistentzia-estatu bilakatu nahi dute. Gerhard Schroeder kantziler alemanak azaldu zuen bere garaian: “Soldatak jaistea ezinezkoa da gizarte-prestazioak murriztu gabe”. Eskerrak sozialdemokrata zen...

Prestazio horiek behar dituztenak gu bezalakoxeak dira: langileak. Ia erdiak pentsiodunak (%25) edota soldatapeko langileak (%20) dira; gero eta gehiago, gainera. Eta diru-sarrerak bermatzeko errentak jasotzen dituztenen %57 emakumeak dira. Aurtengo Maiatzaren Lehenez ELAren lehentasuna pobreziaren aurkako borroka da -lan ordainduan eta hortik kanpo-, baita bestearenganako beldurrari aurre egitea ere. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera bultzatzen ari garen Herri Ekimen Legegilea ezinbesteko tresna dugu borroka hori irabazten hasteko.