Mitxel Lakuntza: "Soldata eta pentsioen erosahalmena defendatzen ari gara, eta prestazio sozial duinak aldarrikatzen ditugu"

2022/11/19
Gaur, azaroak 19, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 15 000 pertsona baino gehiagok egin dute bat aberastasuna banatu eta lan, pentsio eta zerbitzu publikoen defentsan antolatuko mobilizazioekin. Deialdiak deitu dituztenen artean, ELA, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta beste hamaika sindikatu eta eragile izan dira.

Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia, izan da Bilboko manifestazio jendetsuan eta “soldata eta pentsioen erosahalmena defendatzen” eta “prestazio sozial duinak aldarrikatzen” dituztela adierazi du. “Funtsean, jendearen bizi kalitatea hobetzeko neurriak aldarrikatzen ari gara”, gehitu du. Eguraldia lagun, egunean zehar egindako euriak atertu zuen bi orduko tartean, ur tantarik barik hasi eta amaitu zen Bizkaiko hiriburuko manifestaldia.

Langile klasearen pobretze prozesua salatu nahi du ELAk eta, horrekin batera, aberastasunaren banaketa justua eta politika sozialen aldaketa sakona exijitzen du. Izan ere, enpresen etekinek gora egiten duten heinean, langileak, pentsiodunak eta prestazio sozialak jasotzen dituzten pertsonak gero eta pobreagoak dira.

Euskal Herriko erakundeek, aldiz, uko egiten diote egungo krisi energetikoari aurre egiteari. Energiaren oligopolioari mugak jarri behar zaizkio eta ezarri egin behar da prezioen kontrol publikoa. Lakuntzaren berbetan, “botere ekonomiko horietatik aldentzea eta jendearen alde jartzea da Urkullu eta Chiviteren gobernuei eskatzen dieguna”.

Horretarako, zerga erreforma sakonak beharrezkoak direla uste dugu. Enpresen mozkinen, errenta handien eta aberastasunaren gaineko zergak handitu behar dira herri honek dituen behar sozialei aurre egiteko, zerbitzu publikoak indartzeko eta trantsizio ekosoziala aurrera eramateko. Baina Gasteizen eta Iruñean aurkeztu dituzten aurrekontuak eskasak eta defendaezinak iruditzen zaizkigu.

Hurrengoa da mobilizazioak deitu dituzten sindikatu eta eragileek adostutako oharra:

Lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak. Ante el empobrecimiento reparto de la riqueza goiburu hartuta, elkartu dira goizean Gasteizen eta arratsaldean Bilbo, Donostia eta Iruñean 15000 herritar baino gehiago. “EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu haien ardurari muzin egiteari utzi diezaiotela eta egin beharrekoa egin dezatela zerbitzu publikoak, pentsioak eta soldata duinak bermatzeko, pertsona guztiek, izan emakume edo gizonezko, pertsona migratu edota arrazializatuek, gazteek edo adinekoek, bizitzeko moduko bizi baldintzak izan ditzaten. Sistemaren eta, beraz, une honetan aplikatzen diren politika publikoen norabidea errotik aldatzeko unea da”, adierazi dute amaieran irakurritako agirian.

Aniztasuna izan da nagusi mobilizazioan, hainbat herrietako pentsiodunen aldarrikapenak, bloke ekologista, eragile ugariren bandera eta aldarrikapenak, lan gatazketako pankartak eta askotariko oihuak presente egon dira mobilizazioetan. Oinarrizko eskakizun bateratuak gogorarazi dituzte bertan bildutakoek: gutxieneko 1.400 €-ko soldata, gutxieneko 1.080€-ko pentsioak helburua izanik aldarrikatzen dugun soldata minimoaren %90era heltzea. Soldatetan eta pentsioetako genero arrakalarekin amaitzea, arreta eta zaintza zerbitzu soziosanitarioen sare publiko unibertsala eta EAEn Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Nafarroan Bermatutako Errentan ematen ari diren murrizketak berehala geldiaraztea.

Antolatzeaileek gaurkoa amaiera baino, bide baten hasiera dela ziurtatu dute, urgentziazko aldarrikapen horien defentsan aurrera begira elkarlana estutzeko konpromisoa hartzearekin batera

Honako hauek dira manifestazioekin bat egin duten eragileak:

EHko Pentsionisten Mugimendua, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT, CNT, Emakume Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Mujeres libres, Trabajadoras No domesticadas, Oneka, Zaintza Babesten, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sos Arrazakeria Nafarroa, AZET etxebizitza sindikatua, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea, Berri Otxoak, Uribarri Prest REAS Nafarroa, Plataforma Navarra por la Salud, Ernai, Gu ere Bagara Bilbo, Gazte Komunistak, Ikama, Ikasle Sindikatua, AHT Gelditu Nafarroa, Kakitzat, Gune Ekosozialista, Sukar Horia, Ekologistak Martxan, Butroi Bizirik Trantsizioan, Olatukoop, Bizilagunekin, Piztu Donostia, Orain Ardura, Erraustegiaren aurkako Mugimendua, Egia Bizirik, Egiako Etxebizitza Sindikatua, Hondarpe Groseko Auzo Elkartea, Osasun Publikoa Aurrera, EHkolektiboa.