Euskadi Irratia
Mitxel Lakuntza: "Neurriak hartu ordez, Osakidetzarako beste mahai bat osatu du Pradalesek bere ardura ezkutatzeko eta denbora irabazteko"
Hori ikusita, nekez har dezake ELAk parte Osasun Itunean, idazkari nagusiaren hitzetan. Hurrengo aurrekontuetarako irizpideek ere agerian uzten baitute Jaurlaritzak ez duela osasun publikoarekin konpromisorik hartu nahi, ez dituelako handituko Osakidetzako lan taldea eta aurrekontua. “Moduetan aldaketa izan da, eta Pradalesen gobernuak onartu du Osakidetzan arazo bat dagoela. Baina neurriak hartu beharrean, beste mahai bat osatu du gobernuaren ardura ezkutatzeko eta denbora irabazteko. Beste eragile bat balitz bezala agertzen da mahaian”. Horren aurrean, neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu dio Jaurlaritzari, izan ere “EAJ eta PSE alderdien artean gehiengoa dute, eta Osakidetzako diagnostikoa zein den ere badakite”.
Gainera, “osasun publikoan sinesten ez dutenekin” mahai berean eseri eta akordioak lortzea bideragaitza ikusten du Lakuntzak, PPrekin edota Confebaskekin, esaterako, “azken honek klinika pribatuen interesak defendatzen baititu”. “Osasun Itunaren mahaia herren dago, edukirik eta oinarririk gabe”.
Etxeko langileen harira, atzo Espainiko ministro kontseiluak onartutako neurriak eskasak direla ohartarazi du Lakuntzak, eta oroitarazi langile horiek hitzarmena behar dutela. ELAren proposamen bati esker, Jaurlaritzak aukera du horri bide emateko.
Aldundiek eta Jaurlaritzak iragarritako zerga erreformaren inguruan, bestalde, ez du espero sakoneko aldaketarik, eta D’Anjou Finatza eta Ogasun Sailburuaren hitzak kritikatu ditu. “Sailburuak adierazi du zergak enpresen lehiakortasunaren mesedetan jarri behar direla, Confebasken izandako bileraren ostean. Bada ez, zergak ondasuna gizartean hobeto banatzeko dira”. Oroitarazi du zerga zuzenetan 10 eurotatik 7 datozela langileon errentetatik eta egun 2007an ordaindu beharrekoa ordainduko balute enpresek, bi mila milioi euro gehiago izango genituzkeela.
Bestelako gaiak entzungai HEMEN.