MAIATZAREN LEHENA - BILBO
Mitxel Lakuntzak milaka militanteen aurrean ziurtatu du grebek “herri hobea eta justuagoa” egiten dutela #M1 #BorrokanIrabazteko

Milaka lagun kalera atera dira gaur, ELAk deituta, Maiatzaren Lehenean, urtean zehar lantokietan aldarrikatutakoa elkarrekin plazara ekartzeko. Bi manifestazio egin ditu aurten sindikatuak: Bilbon eta Iruñean. Bada, Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiak Bilboko manifestazioan parte hartu du eta azaldu du sindikatuaren eguneroko lana hartu dela oinarritzat aurtengo leloa aukeratzeko: Borrokan, irabazteko.
Idazkari nagusiak esan duenez, konfrontaziozko eredu sindikal batekin soilik egin ahal zaio aurre langile klaseak dituen erronkei, eta ziurtatu du antolakuntza, militantzia eta greba funtsezko elementuak direla: “Grebekin herri hobea eratzen da, izan ere, lan eta bizi baldintza hobeak dituen herri batean justizia handiagoa da eta bizimodua, duinagoa”. Hain zuzen, Lakuntzak adierazi du “egunotan galdetu izan digute: nola liteke Euskal Herria Estatuko biztanleen %6 izanik greben erdia baino gehiago bertan egitea? Erantzunaren giltzarria ELA da”.
“Herri honetako sindikatu nagusi den aldetik -gogoratu du Lakuntzak- ELA harro dago greba gehien Euskal Herrian egiten direlako, greba eta lorpenen arteko lotura erabatekoa delako. Greba egiteko gaitasuna izateak berak patronalaren posizioa baldintzatzen du, eta estatistikak islatzen du ELA dela greba gehien egiten duen euskal sindikatua; horregatik da lan hitzarmen gehien eta hoberenak sinatzen dituena, 300 baino gehiago urtero”. Era berean, Lakuntzak honako hau gaineratu du: “Noski, akordio gehiago eta hobeak izan zitezkeen ELAren eta LABen arteko ekintza batasuna bagenu; galdera bat egin daiteke: Zein aliantza nahiago du patronalak? ELA eta LABena edo LAB, UGT eta CCOOena? Bigarrena, jakina. Patronalak akordiorik merkeena nahi du, eta badaki hori non dagoen. Hori da gure kezka, hitzarmen okerragoak sinatzea”.
Horretaz gain, Lakuntzak nabarmendu du “soldatetan eta pentsioetan genero irakurketa argia dela: Patronalak blokeatu egiten ditu emakumeak gehiengoa diren hitzarmenak, eta hor ELAk indar handiagoz konfrontatu behar du; hor sortzen dira greba gehienak”.
Pentsioei buruz, idazkari nagusiak ohartarazi du legeak aztertzeko neurria ezin dela izan nork babesten dituzten edo nork egiten duen horren aurka: “Eskuinak eta eskuin muturrak dena kritikatzeak ez du esan nahi aurrera ateratzen diren legeak onak direnik. Esaterako, pentsioen azken erreformak ere murrizketak ekarriko ditu: 50 urte arteko jendearen pentsioa kalkulatzeko urte gehiago hartuko dira aintzat, eta AIREFek zer esana izango du pentsioen gastua mugatzeko. EAJk aldeko botoa eman du, eta EH Bilduk adierazi du bere botoak ez zirela beharrezkoak”.
ELAren idazkari nagusiak honako galdera ere egin du: “Zer gertatzen da Chiviteren eta Urkulluren gobernuekin? Biak ere botere ekonomikoen esanetara daudela. Erabaki dute horiek ez molestatzea, neurririk ez hartzea bizimoduaren eta etxebizitzaren garestitzea gelditzeko edota zerbitzu publikoen gainbehera zuzentzeko. Urkulluren benetako kezka AHT da. Berau eraikitzeko badago dirua; ez, ordea, Osakidetzarako edo etxebizitza garestiaren arazoa bideratzeko”. Lakuntzak, halaber, salatu du EAJk eta PSEk elkar hartuta jokatzen dutela fiskalitatean, eta euren helburua dela enpresa handien pribilejioak zaintzea.
“Errealitatea ikusita, non dago herri honetako ezkerra? Gure ustez, ezkerrak adostasunak bilatzen ditu etengabe, ez konfrontazioa eta egungo politiken aurkako estrategia. ELAk ezkerraren premia somatzen du. ELAk ikusten du gabezia bat dagoela: politikan ez dago eredu sozial alternatiboaren defentsarik. Kezkatuta gaude, moderazio instituzionala baita helburua, adostasunak nabarmentzea... ezkerraren eta eskuinaren artean ezberdintasunik ez balego bezala”. Gainera, “ELAren kezka da ezkerrak gurean gero eta eskuinaren antza handiagoa hartzea. Hori ari da gertatzen EAEko eta Nafarroako aurrekontuekin, fiskalitatearekin... Ezkerrak mugimendu sozialekin lankidetza bilatu beharko luke; babesa eman beharko lioke borrokarako prest dagoen sindikalismoari. Baina aukera hori gaur baztertu egin dute”.
Mitxel Lakuntzak bereziki agertu die esker ona greban izan diren eta dauden langile guztiei; horretarako, Bilboko Kale Nagusian bildutako milaka lagunek pasillo bat egin dute agertokiraino omenaldia jaso zezaten hainbat enpresa eta sektoretako grebalarien ordezkariek: Novaltia, Vulcanizados Zuloaga, Osakidetzako garbitasuna, Santa Ana de Bolueta, Implika eta Gipuzkoako errepideetako mantenu lanetako jendea, besteak beste. Manifestazioaren ondoren, Miribillako kiroldegian herri bazkaria egin dute, pandemiaren ondorioz hiru urtez bertan behera geratu izan den jaialdia.
MITXEL LAKUNTZAREN HITZALDI OSOA