Mobilizazioak irakaskuntza pribatuan

2002/09/18
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako irakaskuntza pribatuko langileek mobilizazioei ekin diete berriro, arlo honetako lan hitzarmenaren alde. ELA, EILAS, LAB, CCOO eta UGTeko ordezkariek bilkurak egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. Irakaskuntza pribatuko patronalak jarrera aldatu ezean, beste greba bat egiteko asmoa azaldu dute sindikatuek. Aste honetan langileek patronalaren jarrera salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte hainbat ikastetxeren aurrean. Irakaskuntza pribatuko langileek sare publikoekin parekatzea eskatzen dute, bi sareen artean sekulako aldea baitago, bai soldata alorrean, bai lan baldintzetan. Joan den maiatzerako deitutako hiru egunetako grebak erantzun zabala izan zuen arlo honetan lan egiten duten 12.000 langileen artean. * Jose Mari Gutierrez, Arabako irakaskuntza pribatuko arduraduna “Hitzarmenaren aldeko borrokari ekin diogu berriro” Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako irakaskuntza pribatuko langileek mobilizazioei ekin diete berriro aste honetan, arlo honetako lan hitzarmenaren alde. Irakasleok hiru egunetako greba egin zuten iragan maiatzean, eta patronalak jarrera aldatu ezean, grebara jotzeko prest agertu dira. Euskal Autonomia Erkidegoan 12.000 irakasle aritzen dira arlo honetan, eta ELAk ordezkarien gehiengo osoa du. -Zer nolako erantzuna jaso dute mobilizazio berriek? -Ikasturtea hasi bezain pronto mobilizazioetan sartzeak arazo bat baino gehiago zekarren, baina aste honetako bilkuretan izan den erantzun ona ikusirik mobilizazioekin jarraitzeko prest gaude. Abuztu aurretik egindako lana hor dago, eta irakasleok lan hitzarmenaren aldeko apustu garbia egin dugu. Esan behar da, baita ere, patronalak datorren asterako bilera berri batera deitu gaituela, eta hor ikusiko ditugu euren asmoak. -Zeintzu dira arlo honetan errebinkazio nagusiak? -Irakaskuntza pribatuko langileok sare publikoekin parekatzea eskatzen dugu, bi sareen artean sekulako aldea baitago, bai soldata alorrean, bai lan baldintzetan. Era berean, haur hezkuntzako lehen mailako lan baldintzak arautu eta prekarietatea murriztea eskatzen dugu, besteak beste. Hezkuntza Sailak ikastetxe gehienak kontzertatuak diren heinean, zer esan handia du arazo honetan eta hori azpimarratu nahi izan dugu iragan astean egindako mobilizazioetan. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu politikak eta, oro har, erabakiek eragin zuzena dute irakaskuntza pribatuan. -Greba gehiagorik izango da? -Gure aldarriek laster batean erantzun ez badute, saihestezina izango da urtea amaitu aurretik beste lanuzte batzuei ekitea. Patronalak batere mugitzeko borondaterik ez baldin dadu, erantzuna berehalakoa izango da. Ganorazko eskeintza egin bitartean ez dugu etsiko, eta maiatzerako deitutako hiru egunetako greba egunak jaso zuten erantzun zabala ikusirik, oso itxaropentsu gaude.