Muñoz: “Sindikatua inoiz baino beharrezkoagoa da”

2010/04/26
“Inoiz baino gehiago sindikatua ” lelopean, euskal langileria ez dagoela prest gure eskubideen aurkako erasoak onartzeko, aldarrikatuko du ELAk.

Zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu honakoa genioenean: gizarte politikak errotik aldatu ezean langileok urte luzetako borrokaren ondorioz lortutako eskubideak galtzen joango ginela, adierazi dute ELAko arduradunek Maiatzalen Leheneko ekitaldien aurkezpenean Bilbon. “Orain arte horrela izan da; mobilizatzen ez bagara etorkizunean ere horrela izango da ”, azpimarratu du, Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak. Berarekin izan dira aurkezpen honetan, Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoa eta Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduraduna.

Langile klasea bortizki erasotzen duten erreformen mehatxua gainean daukagu, azaldu dute.  Era honetan, “eskubideen kontrako murrizketak justifikatzeko manipulazio izugarria ari dira antolatzen”, salatu du Amaia Muñoak.

“Honen lekuko, Madrildik datozen hotsak. Azken egunetan makina bat aldiz ikusi ahal izan ditugu UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkari gorenak hedabideetan, aurki gobernuarekin eta patronalarekin lan erreforma berria adostuko dutela iragarriz. Orain arte sinatu dutena ezagututa, langileok oso kezkatuta egoteko hamaika arrazoi ditugu”, zehaztu du.
Idazkari nagusiak bere aldetik, “Inoiz baina gehiago sindikatua langileekin izango dela aurtengo leloa, azaldu du.

“Zergatia, agerikoa. Patronalak, bankak eta gobernuek elkarlanean ari dira, betiere euren interesen alde. Honen aurrean, alternatiba sindikatu gehiago da. Sindikatua jendea antolatzeko tresna da, eta ez dago egin ezin litekeen esparrurik. ELA horretan dago”.
Erronka zaila dela, adierazi du. Honen aurrean, “ gure lehentasuna aberastasunaren bidezko banaketa lortzea izango da”.  “Aberastasunaren banaketa bidegabeak eragin du krisia; aberastasunaren bidezko banaketak ekarriko du konponbidea. Horretarako arerio gogorrak ditugu, baina inoiz ez da erraza izan langile mugimenduaren borroka. Hain zuzen ere, egungo politikei alternatibak exijitzen ditugulako dago gure aurka botere politiko eta ekonomikoa”.
Joseba Villarrealek negoziazio kolektiboaren zentralizazioa, salatu du. Bere hitzetan Madrilen negoziazio kolektiborako lehen urratsak ematen ari dira lan erreformaren inguruko elkarrizketetan. “Horrek ahulezia eta pobrezia besterik ez digu ekarriko eta patronal eta UGT eta CCOO sindikatuek bat datoz negoziazio kolektiboa Madrilera eramatearekin”.

Manifestazioa Bilbon

Manifestazioa goizeko 11,30etan abaituko da Bilboko Jesusen Bihotzaren Plazatik eta Plaza Biribilean amaituko da.

Bazkaria, arratsaldeko 2,30etan izango da Barakaldoko BEC-en.