Muñoz: "Babesik ez PP-ri eta bere politika errepresiboari"

2017/09/12
Adolfo Muñoz "Txiki"ren hitzetan, “faltsukeria da erabakitzeko eskubidea defendatu eta PPri babesa ematea”. ELAko idazkari nagusiak Katalunian gizarte- eta kultur-mugimenduek izan duten jarrera txalotu du. "Duela bost urte inork ez zuen pentsatuko Katalunia dagoen punturaino iritsiko zenik. Halere, argi geratu da konbikzioz eta estrategiaz jokatuz gero gauzak alda daitezkeela. Baina horretarako gauzei dagokien izena eman behar diegu. Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) eta Omnium Culturalek argi interpelatu zituzten alderdi katalanak, anbiguotasunak alboratuta. Jarrera anbiguoek statu quoaren aldekoei mesede egiten diote eta jendartearen parte hartzea eragozten dute".

Adolfo Muñoz "Txiki"ri egindako elkarrizketa.

- ELAren ustez zertan dira desberdinak Katalunia eta Euskal Herria?

- Erantzun politikoa erabat bestelakoa izan da egitate berdina dela-eta: Espainiak Estatut-a eta Estatutu Politikoa gutxietsi egin zituen. Kataluniak erabaki zuen Estatua inboluzioa zela, baina EAJk, Estatutu Politikoari buruzko kontsulta egingo zuela emandako hitza jan eta erabaki zuen “aldebikotasuna” deitzea konfrontazio demokratikoaren adierazpen oro desagerrarazteko asmoari.

Orain, Katalunia eta Estatuaren arteko konfrontazioa unerik gordinenean dagoenean, EAJk babesa ematen dio PPri, bere politikak sostengatuz (aurrekontuak, zergak, erreformak…).

- Beste desberdintasunik?

- Asko dira. Bat nabarmendu nahiko nuke: Mobilizazio sozialaren indarra. Lehendakariak esan zuenez, “larritzen nau eskumenik ez duten gizarte-mugimenduek alderdien proiektuak baldintzatzea, alderdiek gizarteari kontu eman behar diotelarik”. Gauza batean besterik ez du sinesten, mundu ekonomikoarekin harreman ona duen elite politikoak gidatutako prozesuetan. Aitzitik, Katalunian gizarte- eta kultur-mugimenduek zer esan erabakigarria izan dute.

Duela bost urte inork ez zuen esango Katalunia dagoen punturaino iritsiko zenik. Halere, argi geratu da konbikzioz eta estrategiaz jokatuz gero gauzak alda daitezkeela. Baina horretarako gauzei dagokien izena eman behar diegu. Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) eta Omnium Culturalek argi interpelatu zituzten alderdi katalanak, anbiguotasunak alboratuta. Jarrera anbiguoek statu quoaren aldekoei mesede egiten diote eta jendartearen parte hartzea eragozten dute.

- Nola gauzatu da inboluzioa?

- LOAPAtik hona Estatuak -PPrekin zein PSOErekin- transferentzien prozesua luzatzen ibili da, itxura hutsa bihurtzeraino. Transferentziak Estatuak ematen ditu, nahi duenean eta nahi duen moduan. Gainera, eskualdatutako arloetan politikak erabakitzeko aukerarik ez da geratzen. Hori da oinarrizko legeen esanahia: Dezentralizazio administratibo hutsa, zeinetan Estatuak erabakitzeko ahalmen guztia berreskuratzen duen. PPk esan du “patriotikoa” dela doikuntza eta erreforma estrukturalak ezartzea, horrek Estatua unifikatu egiten baitu. Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak bere eginkizun politikoa du: bera da ikusmolde neozentralista berresten duen organo politikoa.

- Eusko Jaurlaritzak lehenesten ditu bide “legal eta adostuak, printzipio demokratikoa eta legalitatea bateratuko dituztenak”.

- Badaki hori Espainiarekin ezinezkoa dela. Horrelako esaldiak hutsalak dira, eta estrategiarik eta borondaterik ez dagoela ezkutatu nahi dute. Beste inork baino hobeto dakite. Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du: “Autonomia-erkidegoak erakunde administratibo huts bihurtzen ari dira, zeintzuren eginkizuna Estatuko botere zentralek erabakitako politikak betearaztea den”. Rajoyk argi esan du: “Legala ez dena ez da demokratikoa”. Hau astakeria da. Legea nagusi dela diote, baina legea haiena da. Adostea ezinbestekoa dela esaten dutenean, benetan betoa esan nahi dute.

- Haatik, Kataluniak statu quo hori hautsi nahi du?

- Bai, modu demokratikoan, baina ez diote aukerarik eman nahi. Eskoziak Britainia Handiarekin izan zuen harremana; Quebecek Kanadarekin… Irtenbide demokratikoak topatu zituzten. Katalunian eta Euskal Herrian, aldiz, espainiar Estatua daukagu aurrez-aurre; aldea nabarmena da. Estatuak eragozten du irtenbide demokratiko oro. Historian izan diren erregimen autoritario guztiek legea aipatu izan dute muga eta errepresioaren oinarri gisa. Agerikoa da eskubide eta askatasun guztiak, norbanakoenak eta kolektiboak, indarrean zeuden lege injustuen aurka lortu direla. Herri batek bere borondatea adierazteko bide demokratikorik ez badago, konfrontaziora jo behar da hura lortzeko.

- Zer gertatuko da Katalunian?

- Orain babesa eman behar diegu, eta izan duten ausardia demokratikoa aitortu. Euren esku daude epeak eta proposamenak. Espainiar Gobernuaren erantzuna, PSOEren eta Ciutadansen babesarekin, errepresioarena da. Ez daki besterik egiten. Rajoyk Kataluniari eta elkarrizketa politikoari iseka egin dio, eta nazionalismo espainiarraren pentsamoldea islatzen du. Ohartarazi duenez, “badakit niregandik zer espero den”. Ez omen du kale egingo. Errepresioan hezitako klase politikoaren ikurra da.

Arazoa ez dute horrela konponduko. Honez gero berandu da. Subiranismo katalanak badaki zer nahi duen eta gizartean berebiziko babesa du. Horregatik, hain zuzen, Euskal Herria kateak haustera ausartu diren abangoardia politiko eta sozialen ondoan egon behar da. Hori da dagokigun lekua. Zanpatzen duenarengandik oso urrun.

- ELAk eta LABek kaleratu berri duten agirian burujabetza prozesu sozialarekiko konpromisoa adierazten dute.

- Gure soberanismoak bereziki aldezten du gizarte-eredu jakin bat. Eduki soziala funtsezkoa da; burujabetza eta gizarte-politikak batera doaz, izan ere, neoliberalismoak burujabetzak suntsitzen ditu.

ELAk eta LABek nabarmendu egin dugu Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza -PP eta EAJ- zertan dauden ados: politika antisozialak, erreformen aplikazioa, soldaten debaluazioa… Madrilen, Gasteizen eta Aldundien eremuan. Politika horietxek aplikatu nahi dituzte Nafarroan. Eusko Jaurlaritzak ez du sinesten Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparruan; areago, borrokatu egiten du, esaterako, euskal demokrazia sindikala gutxiesten duenean, gehiengo sindikalak traba egiten diolako.

- Behin eta berriz esaten duzue euskal eskuinak ez duela burujabetza prozesurik nahi.

- Kezkatuta gaude EAJk, PPk eta PSOEk partekatzen dituzten politikek jendarteari eta langileei dakarkien pobretzea dela eta. Horregatik, egungo fasean burujabetza prozesua ezkerretik eraiki ezean ez da hasi ere egingo. Ezker politikoari dei egiten diogu oposizio gisa joka dezan, baita euskal neoliberalen aurrean ere. Oposizio argi eta garbia.

Esaterako, EAJk Madrilen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa babestu zuen, eta bere eragina gero eta euskal langile gehiagok pairatzen dute. Beste adibide bat: “gastu-araua”ren onarpena; honek administrazio guztiak doikuntzak egiten jarraitzera derrigortzen ditu. Hazkunde garaian ez dago hori baino politika neoliberalagorik. Eusko Jaurlaritzaren propagandak beste zerbait badio ere, EAJk PPrekin sinatu dituen akordioekin autogobernua murriztu eta politika antisozialak inposatzen dira. Akordio horien funtsa autogobernu ahulagoa da.

Egoera absurdua gerta liteke: diru gehiago bildu arren, zorra amortizatu beharra; areago, zorrik izan ez arren eta beharrizan sozialak izanda ere derrigor aurreztu beharra. Politika hau erabat antisoziala da. Deigarria da ezker politikoak honi arretarik ez ematea, gizarte-politikarako funtsezko kontua den arren. Ezker politikoak oposizio gisa jokatu behar du, eta pedagogia egin behar du. Eskuinak jendearen ezjakintasuna lantzen du; beste politika batzuk behar ditugunok ezjakintasun horri aurre egin behar diogu.

- Azkenik, bateragarria al da Euskal Herriaren eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidea defenditu eta PPri babesa ematea?

- Ez, hori faltsukeria da. Herri katalanaren nahien errepresioak ez luke berton inolako babesik izan beharko; ez zuzenean, ez zeharka.

Gaur estrukturalak diren babes horiek finkatzen badira, agerian geratuko da neoestatutismoaren eta politika antisozialen aldeko postura. PPk eta EAJk elkarren beharra dute Madrilen eta Gasteizen aurrekontuak aurrera atera ahal izateko, prestatzen ari diren aldaketa fiskal ezdeusak onartzeko, DBE murrizteko… Gauza askotan bat datoz eta horretarako behar diren gehiengoa ez dute arriskatu nahi.