Muñozek Gipuzkoako Diputazioaren kabinetearen politika antisindikala salatu du

2010/11/24
Adinekoen egoitzen sektorean ELA eta LAB sindikatuek astebeteko greba batekin erantzun diote UGTk eta CCOOek Adegi patronalarekin -Aldundiaren oniritzia zutela- sinatu duten minoria akordioari. Akordioak egoitzetako 3.500 bat langilerengan du eragina; titularra publikoa izanik ere, zentro gehienak enpresa pribatuen esku daude azpikontratatuta.

Jaurlaritzak abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarri arren –plantillaren %70 lan egitera behartzen du– grebak agerian utzi du langileak akordioarekin haserre daudela, soldatei dagokienez nahikoa ez delako eta aldarrikapen nagusietako bat, subrogazioa, ez duelako jaso.

Gainera, akordio honek enpresa mailako negoziazioa eragotzi nahi du eta akordioan ezarritakoa baino soldata handiagoak bere mendera ekarri.

Bestalde, akordioa eragin orokorrekoa ez denez, atzerapenak kobratzeko ere banaka sinatu beharra dago, eta langileak behartu egin nahi dituzte UGT eta CCOOen egoitzetara joatera, ohikoa enpresan egitea izanagatik. Bi sindikatuok sektorean ez dira %20ko ordezkaritzara iristen.

Honek nabarmentzen du zenbateraino dauden bat eginda espainiar sindikatuak, patronala eta Gipuzkoako Aldundia (EAJ eta HamaikaBat).

Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiaren iritziz, “ez dute ametitzen inork aurre egiterik, are gutxiago borroka egiten duen sindikalismoak; burua erabili ordez amorruak itsututa jokatzen dute: UGT eta CCOO sindikatuei afiliatuak eman nahi dizkiete”.

Muñozek joan den astean Donostian Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarekin batera prentsaurrekoa bat eman zuen akordio hau salatzeko.

Muñozen arabera, “Olano kabineteko arduradunek enpresaburuekin solasteko gai bakarra dute, zergak ordaintzea nola saihestu eta opor fiskalekin jarraitzeko modua zein den. ELAk eta LABek bilera bat eskatu diegu, baina betarik ez dutela esaten dute. Horrela egiten dute politika”.

Hain zuzen, Txikik salatu zuen Aldundiko agintariek saldu nahi omen duten parte hartzezko kultura politikoa ez datorrela bat egiten duten politikarekin. “Aristokrazia moduan jokatzen dute, arazoak eragiten dizkieten horiekin harremanik nahi ez duen kasta legez. Sindikatuaren iritzia ezagutzeko gutun bat bidali digute azpikontratatutako enpresa baten bitartez. Noraezean dabiltza”.

ELAko idazkari nagusiak babesa eman zien egoitzetako langileei, eta gatazkak bere hortan jarraitzen duela ohartarazi zuen, hasieran plazaratutako aldarrikapenak indarrean baitiraute.