Murrizketak irakaskuntza publikorako Hezkuntza Sailaren proposamenean

2010/03/24
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako 60ren bat ordezkari elkarretaratu dira Bilboko ordezkaritzaren aurrean, Hezkuntza Sailak negoziazio mahaira eman duen proposamena kritikatzeko.

 

Irakasleen lan akordioaren negoziazioan, orain arteko bileren ildoari jarraiki, joan den asteazkenean burututako bileran Hezkuntza Sailak aurkeztu zuen proposamena gogor kritikatzen du gehiengo sindikalak. STEE-EILAS, LAB, eta ELA sindikatuok zehaztasun gutxi eta murrizketak baino ez ditugu ikusi.

Gehiengo sindikalak behin eta berriro salatu ditugun politika neoliberalen ondorioz langileria sufritzen ari garen krisia aitzakiatzat hartuta proposamen guztiz murriztailea jarri digu Hezkuntza Sailak mahai gainean. Gehiengo sindikal hau izan da, hain zuzen ere, behin eta berriro Hego Euskal Herriko gobernuen politika ekonomiko eta sozialak salatu dituena eta bestelako politika fiskalak eta gastu sozial zabalagoa exijitu duena.

Arduragabetasunez jokatu eta politika hauek aldatu ez izanaren ondorio zuzena da gastu sozialaren murrizketa eta hezkuntzara bideraturiko aurrekontu eskasa, Eusko Jaurlaritzaren kasuan lurralde aberatsenek hezkuntzara bideratzen duten batez bestekotik puntu eta erdira, hau da, 900 milioi inguru gutxiago bideratuz. Hala ere, jendartearen aurrean salmenta erraza daukaten programetarako dirua bideratzen jakin, badakite: ordenagailuak, ingeleseko barnetegiak….

Orain arteko bileretan luzaturiko diskurtsoa sinestarazi nahi digute, krisiari aurre egiteko politika neoliberalen haritik datorren eta inola ere konpartitzen ez dugun gastuaren murrizketa. Guk aldiz, behin eta berriro errepikatutakoari heltzen diogu: zerbitzu publikoak indartzea, gastu soziala handitzea da krisitik ongi irten eta gizarte kohesioa bermatuko duen politika bakarra.

Egungo errealitatea hobetzeko proposamenik ez dugu inondik ere ikusi, bai, ordea, atzera pauso ugari, murrizketak eta zehaztapen falta nabaria. Administrazioaren proposamenean ez dago baliabide nahikorik ikastetxeetako beharrei modu egokian erantzuteko: urtero 300 ikasle talde berriak izango ditugu. Nola egingo zaie aurre behar hauei? Betiko errezeta, irakasle eta ikastetxeen kontura.

Egungo egoera ez hobetzeaz gain, atzera pauso larriak ere jarri dizkigute mahai gainean, ordezkapenetan, esaterako. Hezkuntza Sailak proposatutakoa onartuz gero, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak astebete eman dezakete irakaslerik gabe eurena gaixotzen bada. Hezkuntzaren kalitateak atzera egiten du halako neurriak ezarriz.

Ordezkoen lan baldintzen kaskartzea ere badakar administrazioaren proposamenak. Hauen egonkortasunaz ez da hitzik esaten, beren lan baldintzak ez dira gainontzeko irakasleenekin parekatzen eta euskarazko prestakuntzan eskaintzen zaizkien aukerak hutsaren hurrengoak dira.

Zehazten ez badira ere, Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei begirako baliabideei buruz esaten dena bi hitzetan laburbiltzen da: baliabideak “arrazionalizatu”. Eta honek murrizketa besterik ez du esan nahi administrazioaren diskurtsoan.

Hezkuntza Sailak ez du inolako konpromisorik finkatu nahi ikastetxeen plantillak sendotu eta zehazteko garaian, eta eskuak libre nahi ditu ikastetxeetako lanpostuetan aldaketak egiteko, plantillen plangintzarekin zerikusia duten gaiak negoziazio eremutik ezabatuz.

Irakasleen euskalduntze programan, IRALE delakoan, ere murrizketa izugarria dator, aurretiko inongo ebaluaziorik egin gabe, ikastaroak ia desagerraraziz, partehartzaile eta ordu kopuruak murriztuz eta orain arte egindako lana kolokan jarriz.

Erabat onartezina iruditzen zaigu, Hezkuntza Sailak, guztiz aurka agertu garen politika hauekin osaturiko aurrekontu eskasari lotuta hezkuntza arloan proposamen guztiz atzerakoiak egiteaz gain, sindikatuoi krisi egoera honen aurrean ardurarako deia luzatzea. Beraiek diseinaturiko politika ekonomiko eta sozialen ondorioak langile, ikasle eta familiei ordain araztea sindikatuok konplize bihurtu nahiez.

Ez dugu onartzen murrizketaren diskurtsoa eskola publikoa kaltetzen duelako, behar handienak dituztenen egoera okertzen delako eta langileon lan baldintzak kaskartzen dituelako.

Hezkuntza Sailaren proposamenean ez da inondik agertzen sarritan aipatu duten “akordio zabalak eta azkarrak” gauzatzeko aukera. Badirudi ez dutela akordio zabalik lortzeko inolako asmorik. Ardurak partekatzeko dei faltsua egiten digu, beti arduraz aritu garenoi, urteak joan, urteak etorri, administrazioak joan, administrazioak etorri, krisiak joan, krisiak etorri.

Ez daitezela etorri orain diskurtso faltsuekin eta ez dezatela eskola publikoa ahuldu eta kaltetu. Baliabide gehiago behar ditu eskola publikoak, are gehiago krisi garai hauetan. Negoziazio mahaian proposamen erabat berria eta zentzuzkoa exijitzen diogu Hezkuntza Sailari, negoziazioei benetan ekiteko.