Nafarroako metalgintzako hitzarmenak askatasun sindikala urratzen du

2015/01/14
Patronalak, CCOOek eta UGTk sinatutako akordioak delegaturik gabeko enpresetako ordezkaritza bereganatu nahi zuen. Epaiak dio akordio horrek sinatu ez zuten sektoreko beste sindikatuen askatasun sindikala urratzen duela.

Nafarroako Metalgintzako Hitzarmenean legez kontrako artikuluak sartu zirela sinetsirik, ELAk 2013ko azaroan, eta gero LABek, Lan Arloko Auzitegian demanda bana sartu zuten artikulu horiek baliorik gabe gera zitezen; epaileek soilik ELAren demanda hartu dute aintzat.

Epaiak hiru artikulu baliogabetzen ditu (25.a, 26.a eta inaplikazioari buruzko xedapen bat); hauen bidez UGTk eta CCOOek usurpatu egin nahi zuten langileen ordezkaritza hauteskunde sindikalik egin ez den enpresetan, funtsezko gaiak alde bakarretik negoziatzeko, esaterako lan-baldintzen funtsezko aldaketa, hitzarmenaren inaplikazioa edo kaleratze kolektiboa.

Epaiak dio artikulu horiek enpresaren neurriak eragindako langileen borondate pasiboa ordezkatzen dutelarik, erabat nahasten direla ordezkaritza eta legitimazioa, eta askatasun sindikalaren aurkako arau bat direla.

ELAk uste du epai honekin agerian geratzen dela UGT eta CCOOen lehentasuna: ez negoziazio kolektiboa, ezta erreforma laboralari aurre egitea ere, baizik hitzarmen sektorial honetaz baliatzea ez legeak, ez langileek eman dien eginkizun eta eskumenak bereganatzeko. Finean, monopolio sindikala lortzea langileen borondatea praktika antidemokratikoen bidez alboratuz.

Sindikatu honek gogora arazi nahi du askatasun sindikala urratzeagatik emandako epai honen aurretik ere tankera bereko beste batzuk izan zirela, adibidez Koxka eta Portland enpresetan; honek islatzen du sindikatu horien estrategia sindikalaren helburua, zeinak beti ere patronalaren eta Gobernuaren babesa duen, alternatiba sindikalak -ELAren modukoak- deuseztea dela, horretarako legez kontrako jokabideetara iristen direlarik.

Nafarroako langile-klasean duten ordezkaritza jaitsierak, ustelkeria kasuek eta gainbehera doan UGTren eta CCOOen irudiak gero eta argiago adierazten dute langileak antolatzeko gauza ez den eredu sindikal baten porrota.

Azkenik, ELAk exijitu du berehala egin daitezela zuzenketak Metalgintzako Hitzarmenean, eta ohartarazi du bere jokabide garbi eta autonomoari eutsiko diola, edozein praktika antisindikal salatuko duelarik.