Enpresaburuek hasieratik zekiten irabazle aterako zirela negoziazio kolektiboaren erreformaren prozesu honekin

2011/06/03
ELAren ustez negoziazio kolektiboaren erreforma prozesua ezin da onartu. Zapateroren gobernuak esan zuen akordiorik iristen ez bazen erreforma dekretuz ezarriko zuela, eta patronalaren eskari asko bere egingo zituela; negoziazioarenak hortxe egin zuen. Enpresaburuek hasieratik dakite irabazle aterako direla, bai CCOOek eta UGTk amore ematen dutelako, bai gobernuak beren helburuak legera eramaten dituelako.

Patronala beti 31rekin eta eskutik jokatzen ari da. CCOOek eta UGTk erreforma laboraleko hutsegite berbera egin dute: uste izan dute gobernua beren aliatua dela, eta hau ez da inondik ere horrela. Patronalak ez dauka negoziatu beharrik, bai baitaki gobernuak nahi duena emango diola, eta are gehiago aterako diola hurrengoari. Negoziazio prozesuak agerian uzten ditu ‘elkarrizketa soziala’ delako horren muga objektiboak.

ELAk nabarmendu egin behar du iragarri diren aldaketak oso larriak direla. Espainiako gobernuak 10ean onartzen duena epaitzeko moduan izan bitartean, badirudi berriro eraso egingo dietela eskubide laboralei eta langileen defentsa kolektiboari. CCOOen eta UGTren proposamenak dagoeneko jasotzen zituen malgutasun areagotua eta hitzarmenen iraupen mugatua... Erreformak bere egiten ditu soldatek eta lan-baldintzek okerrera egin behar dutela dioten tesiak. Erreformaren xedea soldatak jaistea eta jende gutxiagorekin produkzio handiagoa lortzea da –malgutasuna eta lanaldi luzeagoak medio–; ondorioz, enplegua urritu eta enpresen etekinak hazi egingo dira.

Gainera, erreformak beste arrisku bat ere badakar, estatu mailako negoziazio-esparruei lehentasuna eman baitiezaieke, Hego Euskal Herrian hitzarmenak negoziatzeko aukera galarazten delarik. ELAren iritziz hau guztiz antidemokratikoa da, zer eta zein esparrutan negoziatu nahi den hautatzeko eskubidea urratzen baitu.

Azkenik, ELAk gogoratu nahi du gobernuak erreformarako proposatzen duena zeharo gaiztotu daitekeela parlamentuko tramitean, erreforma laboralarekin gertatu zen bezala. Bada, negoziazio kolektiboaren erreformak dakartzan erasoak ikusirik, ELAk talde parlamentario guztiei eskatzen die erreforma bazter dezatela. Geldiarazi egin behar ditugu erabat menpeko bihurtu den klase politikoaz baliatu nahi dutenak eta hauen diru-gosea. Ardura politiko bera daukate erreformaren aldeko boza ematen dutenek zein abstenitzen direnek.