Nagusikeria, lankidetzaren oztopo

2002/10/04

Irailaren 27an Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean egindako hitzalditik aro politiko berri baterako proposamenak beste guztia itzalean utzi bazuen ere, EAEko egoera ekonomiko eta sozialari buruz aurkeztutako argazki arrosak merezi du aipamenen bat.

Bi zutaberen gainean omen datza, Ibarretxeren arabera, egoera ezin hobe horrek: ekonomiaren hazkundean eta autogobernuaren garapenarekin hazi den gastu sozialean. Esan beharra dago argazki hori partziala dela, eta datu orokorretaz baliatuta gizarte baten justizia maila neurtzeko derrigorrezkoa den banaketaren kontua ahazten duela. Izan ere, azken urteotan aberastasuna hazi bada, hazkunde horrekin batera herritar batzuen eta besteen arteko ezberdintasuna ere handitu egin da.

Gizartea gaingiroki begiratuta badirudi oparotasuna nagusi dela, baina gertuago behatuz gero bizimodu duin eta beregaina eraman ezinda dauden herritarrak asko eta asko direla ikus daiteke.

Bigarrenik, portzentualki murrizten ari den gastu sozialaren ondorioz eraikitako ongizateaz harro hitz egitean ahaztu egiten da gastu soziala egin ahal izateko diru-iturrien jatorria; ez da fiskalitateaz hitz egiten, eta are gutxiago gizarte honetako sektore bakoitzak zerga bidez denon kutxara egiten duen ekarpenaz.

Ekoiztutako aberastasunean eta zerga bilketan klase eta sektoreen ahaleginari dagokionez dagoen desberdintasunean gizarte injustua islatzen da; Ibarretxeren argazki arrosan agertu ez zen gizarte injustua.