Negoziazioa eten da EAEko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntza Publikoan

2006/05/17

Egindako aldarrikapenei EAEko Administrazioak emandako erantzun eskasa eta funtsezkotzat jotzen dituzten gaietan inolako aurrerapenik ez dagoela kontuan izanda, ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGTk, sektorearen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek, irakasleen lan baldintzak arautuko dituen akordio berriaren negoziazioa etenda geratu dela iragarri dute Mahai Sektorialak gaur izan duen bileran. Halaber, egoera hau gainditzeko eta ikastetxeentzat zein irakasleentzat aldarrikatzen dituzten neurriak jasoko dituen akordioa lortu ahal izateko beharrezkoak suerta daitezkeen ekintzetara jotzeko asmoa jakinarazi dute.

Sindikatu hauen iritziz, Hezkuntza Sailaren proposamenak ez-nahikoak dira gai batzuetan, beste batzuetan atzeragarriak eta beste hainbatetan egindako aldarrikapenen ezezko huts eta gogorra baizik ez.

Zehazki, onartezina da sindikatu hauentzat bitarteko irakasleen egonkortasun-akordioa ezabatu nahi izatea. Akordio hau funtsezko tresna izan da egonkortasuna emateko, irakasleei ez ezik, ikastetxeetako plantillei ere. Arbuiagarria da erabat akordio hori ordezkatu nahi izatea birkokatzeko eskubidea bermatzen ez duen beste prozedura batez. Zentzu honetan, Hezkuntza Saila salatu dute, egonkortasun-akordioari orain egiturazko izaera ukatu nahi diolako eta, horrez gain, CCOOk arduragabeki aurkeztutako helegitearen ondorioz Euskadiko Auzitegi Gorenak emandako ebazpena erabiltzen ari delako.

Halaber, gaur egungo lanpostuen benetako kopurua kontuan hartuta, egonkortasunaren ezabatzea eskainitako Lanpostu Zerrenda ofizialaren igoera eta 1.500 lanpostutako balizko Enplegu Eskaintza Publikoarekin justifikatu nahi izateak ez dauka zentzurik.

Ikastetxeetako ratio eta plantillei dagokienez, Administrazioaren proposamenak, plataformetan aurkeztutako ezer ez jasotzeaz gain, ez dakar inolako aurrerapenik eta, hainbat kasutan, atzeragarriak dira gaur eguneko egoerarekiko.

Honi guztiari gehitu behar zaio sindikatuok funtsezkotzat jotzen ditugun gaietan (55 urtetik gorakoentzako lanaldi-murrizketak, irakastorduak, figura berrien ezarpena eta jadanik indarrean diren beste hainbaten hedapena ikastetxe guztietara, bitarteko eta ordezko irakasleen baldintzen homologazioa, ordainsariak &) Administrazioak ezezko borobila eman diela egiten ditugun aldarrikapenei.

Gauzak horrela, gehiengo sindikal honen ustez, elkarrizketekin eta bilerekin jarraitzeko Administrazioak egiten dituen dei ugariek zentzugabeak dira zeren, negoziazioan ezinbestekoak diren gutxieneko aurrerapenak gauzatzen ez badira, bilerak edukirik gabeko formalidade hutsal bihurtzen dira. Horrenbestez, STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGTk egoera hau gainditzeko beharrezkoak suerta daitezkeen ekintzei ekiteko borondatea berresten dute.