2002/10/04

Lan-legeriaren inguruan udazken beroa omen zetorrena epeldu egin da bapatean, hain zuzen estatuko sindikatuek Madrilen egitekoa zuten agerraldiaren bezperetan: Zaplana lan ministroak duela gutxi PPren gobernuak ezarri zuen dekretuan hainbat zuzenketa sartzeko asmoa iragarri du.

Beraz, dekretazoa ez dute erretiratuko, baina sartuko omen dituzten aldaketa horiekin badirudi UGTren eta CCOOen jarrera guztiz aldatu dela. Hau estatuko sindikatuen ahuleziaren isla izan liteke, estatuari aurre egiteko ezina (ekaineko greba orokorraren helburua dekretua bertan behera uztea omen zen). Orain aldaketa horiekin konforme daudela diote. Baina dekretuak hor dirau, eta bere eragina ez da txorakeria, langabetuen babesa gutxitu eta langileen kaleratzeak merkatzen baitira.

Dekretua nolabait leuntzen duten ikutu batzuk gorabehera, ordea, langabezi-babes sistemaren superabit itzelarekin batera, prestazioren bat jasotzen duten langabetuen tasa Europako Batasunean baxuenetakoa dela estatuan. Hor zegoen babesa hobetzeko aukera ezin hobea, baina hain zuzen hori da PPren gobernuak egingo ez dutena.

Langile-mugimenduak ezin dio, beraz, gobernuari txalorik jo. Zerk eraman ote ditu estatuko sindikatuen buruzagiak iritzia aldatzera? Agian UGTk eta CC OOek gobernuarekiko hartu duten jarrera berria ez da dekretuaren erreforma horretara mugatzen, eta feeling ona berreskuraturik, laster batean gizarte-elkarrizketara, kontzertaziora, itzultzekotan daude.

Honela, Aznarrek fronte soziala baretzea lortuko luke, –merke lortu ere, sakoneko politika atzerakoia ez baitu baztertu–, seguruenik indar guztiak Euskal Herriko fronte politikoan biltze aldera. Adi, beraz.