MUTUA PATRONALAK

Osasun Sailburuak langileen artapena mutua patronalen bidez are gehiago pribatizatzeari ateak ireki dizkio

2024/10/28
Osakidetzak mutuekin langileen aldi baterako ezintasunak pribatizatzea hitzartuko balu grebak deitzeko baldintzak emango lirateke. ELAk dei egiten die Osasun Itunean ari diren beste sindikatuei mahaia utz dezaten, Osakidetzaren pribatizazioa elikatzen ari diren alderdi eta gobernuari babes emateko espazio hutsala baita.

Espainiako Gobernuak, CEOEk, CEPYMEk, CCOOk eta UGTk jatorri traumatologikoa duten langileen aldi baterako ezintasunak enpresen Mutuen bidez pribatizatzea adostu zuten eta horretarako autonomi erkidegoen eta mutuen arteko lankidetza hitzarmenak sinatzea proposatu zuten. Ostiralean Legebiltzarrean Osasun Sailburuak EAEn halako hitzarmen bat sinatzeari ateak ireki zizkion.

ELAren iritziz oso larria da langileen gaixotasunak are gehiago pribatizatzea ontzat ematea eta Osakidetza are gehiago ahulduko duten neurriak bultzatzea. Gogora ekarri behar dugu mutuak enpresek antolatutako erakundeak direla eta beren eginkizun nagusia enpresen irabaziak bermatzea dela.

Mutuek baliabideak eta langileak sobera baldin badituzte, Osasun Sailburuak baliabide horiek guztiak Osakidetzan barneratzeko estrategiak planteatu beharko lituzke, gehiegizko itxaron zerrendei aurre egin ahal izateko. ELAtik salatu izan dugu langileak Osakidetzatik ihes egiten dutela lan baldintzak kaxkarrak direla eta. Alde batetik, lan baldintzak hobetu behar dira langileak erakartzeko. Bestetik, halakorik emango balitz, mutuetan ari diren langileen subrogazioa bermatuta, ELAk erabat babestuko luke Eusko Jaurlaritza.

Osasun Sailburuak Legebiltzarrean egindako aipuak argi erakusten du Osasun Itunaren helburua ez dela Osakidetza indartzea eta pribatizazioei aurre egitea. ELAk ulergaitza deritzo Osakidetzan ordezkaritza duten beste sindikatu guztiek etzi egingo den Osasun Ituneko bileran parte hartzen jarraitzea, normaltasun osoz, bilera horren helburu bakarra osasun politikak aldatu nahi ez dituen Osasun Saila zuritzea denean. Gogora ekarri behar dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu irizpideen arabera Osakidetzan kontratazioak 2025ean ez direla haziko, biltegien kudeaketa pribatizatzen ari direla eta, orain, langileen artapen traumatologikoa ere pribatizatzeko asmoa azaldu dutela. Zer gehiago behar da argi izateko Osasun Itunaren eztabaida marketin ariketa hutsala dela eta eragile sozialen parte-hartzea Osasun Saila zuritzeko erabiltzen dela?

Azkenik, ELAk argi adierazi nahi du Eusko Jaurlaritzak langileen aldi baterako ezintasunak pribatizatzeko mutuekin hitzarmenak sinatzeko asmoarekin aurrera egingo balu Osakidetzan grebak deitzeko baldintzak izango liratekeela eta beste sindikatuekin harremanetan jarriko litzateke berauek antolatzeko.