Patronala eta Eusko Jaurlaritza bat datoz soldatak jaitsiarazteko estrategian

2016/04/08
ELAk 3.500 ordezkari bildu ditu Bilboko La Casilla kiroldegian prekarietate eta negoziazio kolektiboaren estatatalizazioa salatzeko egin duen ekitaldian. Ekitaldia amaitu ostean manifestazioa egin da Bizkaiko Aldundiaren atariraino. Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak adierazi du gure herriaren burujabetza ez dela lortuko gizarte-eredua gutxietsita, eta sindikatua indartu behar dela enpresetan, borroka sozialetan eta itzal politikoan eragingarri izateko.

Bilboko La Casilla kiroldegian izandako ekitaldian, idazkari nagusiarekin batera, Leire Txakartegi, Igor Eizagirre, Marikruz Elkoro eta Unai Martinez sindikatuko arduradunek ere parte hartu dute.

Guztiak bat etorri dira adierazterakoan patronala eta Eusko Jaurlaritza bat datozela soldatak jaitsiarazteko estrategian. Muñozen hitzetan "Confebask ordezkaritzarik ez daukan patronal bat da, baina Jaurlaritzak finantzatu egiten du mugimendu sindikalari erasotzeko eta laguntza ematen dio sindikalismoa enpresetatik kanpora ateratzeko" .

Txikik negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ere salatu du. Muñozen aburuz honen alde daude patronala, Mondragon Korporazioa, Eusko Jaurlaritza, CCOO eta UGT: "Estatalizazioa pobretzea da. Eta guk ez dugu pobreziarik nahi, ez gure jendearentzat, ezta gure herriarentzat ere" gaineratu du. Estatalizazioari dagokionez, EAJk gaurkoa baino jokabide askoz duinagoak agertu izan dituela azaldu du.

"1994an, estatalizatzeko beste saio bat zela eta, EAJk hori saihesteko lan egin zuen, ELArekin batera. Lortu genuen, baita hala aitortu ere. 22 urte igaro direlarik, kontua ez da orduko posizioa ez dutela defenditzen; aitzitik, orain apustu bat egin dute, Euskal Herrian hitzarmen txar horiek aplikatzea" azpimarratu du.

ELAren iritziz Euskal neoliberalei ondo datorkie Espainiak egiten duena. "Ez dago autogobernurik, Lehendakari jauna, aberastasunaren banaketa erabakitzeko tresnarik bertan ez badaukagu; ez dago, negoziazio kolektiborik gabe. Espainiak, bere legeek eta hitzarmen txiroek pobretu egiten gaituzte, eta horixe da Confebask eta CENen, CCOO eta UGTren, Mondragon korporazioaren eta Jaurlaritzaren apustua".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak egiten dituen murrizketak salatu ditu Muñozen bere hitzaldian: "Nola liteke defizita koadratzea dirusarrerak 500 milioi euro gutxiago izan badira? Gastua moztuta. Lehendakariaren meritua murrizketak ezarri eta propaganda itzela egitea da".

Azkenik, ELAk ez duela oinarririk gabeko sindikatu bat izan nahi azpimarratu du idazkari nagusiak. Izan ere, horrelako sindikatuak, sustrairik gabeko organizazioak, sistemak eramaten ditu haizeak indarrez jotzen duenean. "Eta orain haize oso gogorra ari da mugimendu sindikala astintzen. Krisi honek agerian utzi du gauza bat: kapitalismoak irentsi egiten zaitu ez badituzu lantzen proiektuari batasuna ematen dioten osagaiak" .