Sasi bozketaren ondoren akordioa sinatu du CCOOk Euskaltelekin

2014/04/16
Bozketa fartsa bat besterik ez da izan. Gaurko kontsultan boto-kutxetara 61 lagun baino ez dira joan bozkatzera (deitutakoen %33,33).

Langileei bizkar emanda borondate-adostasun agiri bat hitzartu eta gero, zeinari esker Euskalteleko jabeek datozen lau urteetan nahi beste langile kanporatu ahal izango baitute, kostu jakinean eta helegitea jartzeko aukerarik gabe, enpresako ordezkariek eta CCOOek gaur goizean sinatu dute aipatutako agiria, honez gero langileen artean “Lotsaren Ituna” izenez ezaguna.

Atzo bertan ELAk adierazi zuen moduan, fartsa bat besterik ez da izan guztia, eta helburu bakarra izan da enpresaren interesak babestea; honek, ordea, ez dauka zerikusirik langileen borondatea errespetatzearekin. Oso larria da hain erabaki larria hartu eta langileen borondatea aitzakiatzat hartzea, izan ere, gaurko kontsultan boto-kutxetara 61 lagun baino ez baitira joan bozkatzera (CCOOek deitutakoen %33,33).

CCOOek erabaki du nork eman zezakeen botoa, eta zein bidetatik. Boto-emaileen zerrendak CCOOen iragarki-tauletan besterik ez dira argitaratu, eta gainera, antza, goizean aldatu egin dituzte. Ontzat eman dute SMS bidez botoa ematea, eta 36 langilek eman ei dute boto era horretan. Non da gardentasuna? Nola bermatuko dute Euskalteleko langileen borondatea benetan aintzat hartu dela?

Prozesu ilun eta opako honen bidez legitimatu nahi izan dute enpresak aurrerantzean langileen AURKA erabiliko duen akordio bat, hauen helegiteak ekidin eta Euskaltelek azpikontratatutako beste enpresetara bidaltzeari uko egiteko modurik izan ez dezaten. Enpresa akordioaz baliatuko da xantaia egiteko; kaltedunei aurre egiteko aukera galaraziko die, aurkako jarrera isilarazi eta greba amaitzea izango da bere asmoa.

Datorren astean ELAk erabakiko du zein urrats egin behar diren Euskalteleko lanpostu guztien aldeko borroka mantentzeko.