Seguru, birraseguru eta istripu-mutuen hitzarmenean akordio lotsagarria

2004/07/29

Uztailaren 27an CCOO eta UGT sindikatuek seguru, birraseguru eta istripu-mutuen estatuko hitzarmena sinatu dute. Akordioaren antzezpenaren azken zatia izan da. Azken urteotan negoziazio gehienetan gertatzen ari den moduan eduki eskaseko akordioa lortu dute. Akordioaren onurak saldu nahi badituzte ere hauek dira puntu nagusiak:

  • Iraupena: 4 urte (Fidalgoren sindikatuaren arabera hauxe da "lorpen" bat).

  • Lanaldiaren murrizketarik ez. Oporretako egun bat gehiago onartu da, baina lanaldia berdin geratzen denez errekuperatu beharko da, urteko lanorduak berdinak baitira.

  • Hitzarmena irauten duen bitartean, 2007ko urtarrila baino lehen, ostiral arratsaldeak libre izatea onartu da, hitzarmenean onartu diren lan orduetan aldaketarik egon gabe, hitzarmeneko 46 eta 48 artikuluetan zehazten diren balizko bereziak izan ezik.

  • Lau urteetarako soldata igoera, aurrikusitako KPIa errebisio klausularekin. (Erretiratu edo pentsiodunen moduan).

  • 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera, monitore okupazionalak II. Talde profesionalaren barruan egongo dira. Ordainsarien 6. maila.

  • Edoskitzaroko denbora metatu ahal izatea langileak hala erabakitzen badu, amatasun bajagatik laneko 15 egun hartu ahal izateko.

  • Falta eta zigorretan, falta larria izango da baliabide elektronikoak edo tresna teknologikoak neurririk gabe erabiltzea. Zailena izango da zehaztea zer den "neurriz kanpokoa" eta enpresarentzat "deserosoak" diren langileengan zein eragin izango duen artikulo honek.

  • "Sektoreko behatokia sortzea", hitzarmena sinatu dutenek osatua eta ordaindutako hilabeteko 200 orduko kreditua hitzarmena sinatu dutenentzako. Agian "behatoki" honetan enpresen irabazien ugalketaz arduratuko dira, sektoreko langilei KPI eskasa goratzen dieten bitartean, eta ondorioz erosahalmena galtzen dutelarik.

Hauek dira Madrilen sinatutako akordioaren ildo nagusiak, argi dagoenez patronalari lau urteko hitzarmena eta ondorioz bake soziala eskaini zaio, lanaldiaren murrizketarik gabe eta KPIaren igoera soilarekin. ELA eta LABetik akordioa lotsagarria dela deritzogu, ez da benetazko negoziaziorik egon eta UNESPA patronalak nahi zituen edukiak, erritmoak eta azken antzespena inposatu ditu. Ondorioz gure esparruko hitzarmenaren alde borrokatzen jarraituko dugu, enpresetako hitzarmenak bultzatuz jadanik negoziatuta dauden tokietan eta baita negoziatu daitekeen tokietan.