Sortu galeraztea erabaki politiko larria da

2011/03/24
Auzitegi Goreneko 61. Aretoak epaia eman du, non Espainiako Gobernuaren eskaria aintzat hartu duen eta, beraz, galarazi egin duen sortu Alderdien Erregistroan sartzea. Hau ELArentzat erabaki politiko larri bat da, Rodriguez Zapateroren gobernuari men eginez hartu dena eta PPk zein PSOEk botere judizialean duten kuota alderdikoiari esker posible izan dena.

ELAk salatu egin behar du gobernu espainolak zinismoz jokatu duela eskuin muturreko sektore sozial eta politikoei eta joera bereko hedabideei aurre ez egitearren. Fiskaltzaren eta estatuko abokatuen bidez auzitegien esku utzi du Barne Ministerioko Alderdien Erregistroan hartu beharreko erabakia.

Epaia eman duen Aretoko ponentea Aznarren gobernuan bi zuzendaritzatan jardun izanak agerian uzten du, gainera, Espainiako sistema judiziala zein berezia den, bipartidismoak jota baitago erabat.

Prozesuak nabarmen utzi du Sortu erregistratzeko auzian frogei gaina hartu dietela polizien argudioek eta hainbat hedabidek egin duten kanpainak. Eta auzitegiak kanpainaren alderik okerrena bere egiten du, hots, iritzi publikoari helarazi zaion baiespena: estatuak  berak sigla bat legeztatzeko beharrezko eta nahikotzat jotzen zituen baldintzak ez dira aski.

Duela gutxi euskal gehiengo sindikalak adierazi duen legez, Sortu legalizatzea “eskubide eta betebehar demokratiko bat da, hain zuzen adierazpide politikorik gabe dagoen euskal gizartearen sektore horrekiko”, eta horrenbestez, gizarteko sektore hori “lehenbailehen itzuli behar da bizitza politiko eta instituzionalera”.

Horregatik, ELAk Espainiako estatuari eskatzen dio gehiago atzeratzen ibili gabe gabe Sortu legezta dezala.