Sukaldaritza Kolektiboko Espainiar patronalak ELA eta LAB meatxatu ditu EAEn negoziazio kolektiboa sustatzeagatik
Joan den martxoan estatu mailako Sukaldaritza Kolektiboko Lan Hitzarmena argitaratu zen. Bere sinatzaileak, FEADRS patronal espainiarra eta CCOO eta UGT sindikatuak. Ordurarte EAEko kolektibitateetako langileen baldintzak Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Ostalaritza hitzarmenetan arautzen ziren. Orain EAEko langileei inposatu nahi zaien Sukaldaritzako Hitzarmenak soldatetan %50eko jaitsiera eta 50 ordu gehiago lan egin beharra ekarriko luke. Enpresak orain kontratatzen dituzten langileei orduko 4,5 euro garbi ordaintzen ari dira. Gainera, espainiar ugazaba elkarteak eta CCOO eta UGT sindikatuek hitzarmen berriak negoziatzea galarazi nahi dute, esaterako EAE mailan, haiek baimenik ematen ez badute. Bestalde, langileentzako oso kontu garrantzitsuak estatuko eremuan bakar-bakarrik negozia daitezkeela erabaki dute.
Horregatik, EAEko langileei lan-hitzarmen erregresibo hau aplikatzea eragozteko enpresekin harremanetan jarri gara. Geure eremuan negoziatzea proposatu dugu, harik eta gutxienez orain arte indarrean zeuden lan- eta soldata-baldintzak bermatu arte. Horretarako hainbat bilera egin dugu; hurrengoa biharko jarri da.
Atzo, azaroak 7, Federación Española de Asociaciones dedicadas a la Restauración Social (FEADRS) patronalak, ELA eta LABi igorritako burofax baten bitartez, mehatxua bota digu: auzibidera joko omen du EAEn negoziazio kolektiboa sustatzen dutenen aurka.
Espainiar patronalak ohartarazten die ELAri eta LABi bere ustez biharko deialdia legez kanpo dagoela, eta gogoratzen digu gure lurraldean ezin dela negoziatu, euskal patronala eta gehiengo sindikala estatuan ezarritakoak ez diren baldintzak negoziatzeko prest egonagatik ere. Beren Federazioak lege-bidetik beren esku dagoen guztia egingo omen du gure ekinbidea indargabetzeko.
ELAk eta LABek ez ditugu onartzen patronalaren mehatxu eta jarrera koaktiboak. Euskal eremuan ez dugu solaskide gisa aitortzen.
ELAk eta LABek argitu nahi dugu honelako jokabideak posible egiten dituen arrazoi bakarra Madrilen CCOOk eta UGTk patronalekin bultzatzen ari diren estatalizaziorako akordioak direla. CCOO eta UGTren ordezkaritza EAEn %20ra ere ez da iristen, baina negoziazio kolektiboko eremu bakar gisa inposatu nahi digute estatukoa, horren ondorioz milaka emakume prekaritatera zigortzen badituzte ere. Hori bai, horren truke beren saria jasoko dute, enpresek ordaindutako liberatuak alegia.
Egoera hau salatzeaz gainera, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari galdera bat luzatu nahi diogu: Oraindik ere uste al du geu garela negoziazio kolektiboa blokeatzen dutenak? Espainiar patronalak baliatu egiten du Jaurlaritzaren aliatuek Gizarte-Elkarrizketarako Mahaian uztailaren 22an sinatu zuten akordioa. ELAren eta LABen iritziz ezin da onartu Eusko Jaurlaritzak babesa ematea pobretzen gaituen estatalizazioaren aitzindari sutsu horiei.
ELAk eta LABek geure esku dagoen guztia egingo dugu euskal langileei berton negoziatzeko zor zaien eskubidearen alde. Hauteskunde sindikaletako emaitza demokratikoak errespetatu egin behar dira. Alde batera utzi behar dute behingoz hipokrisia Eusko Jaurlaritzka, Confebaskek, CCOOk eta UGTk.