Tuterako Sigma Brakes-en izan den istripu hilgarria salatzeko lanuztea deitu du langileen batzordeak

Ezagutu diren datuen arabera, istripuaren berri larrialdi zerbitzuei goizaldeko hirurak eta laurdenetan eman diete; 35 urteko langile bat hil da, orgatila jasotzaile batek harrapatuta. Gertatutakoa ikusirik, zalantzazkoa da enpresak bete ote dituan prestakuntza, seinaleztapen eta lan-ekipoei buruz dituen betebeharrak, eta larrialdi-neurriak ezarrita ote zeuden.
Beraz, Lan Ikuskaritzari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari galdegiten diegu gertatutakoa zehatz-mehatz iker dezatela, istripuaren zergatiak argitze aldera, berriro gerta ez dadin eta izan litezkeen ardurak erabakitzeko.
Istripu hilgarria dela eta, esan beharra dago Sigma Brakeseko langileek pairatzen dituzten segurtasun baldintza txarrak ez direla oraingoak, ezta ezezagunak ere.
2010etik hona sindikatu honetako ordezkariek behin eta berriz salatu dute Lan Ikuskaritzan eta hedabideetan enpresak lan-arriskuen prebentzioan egin dituen arauhausteak, eta lantegiko baldintzak hobetzeko duen borondate eza. Hain zuzen, 2015ean 45 eguneko epean bi sute izan ziren, eta bigarrenak 60 pertsona irtenaraztera behartu zuen. ELAk salatu zuen larrialdi neurriak ez zirela nahikoak, eta lekua husteko unean arrisku egoerak bizi izan zirela.
Ezin da ahaztu azken hiletan langileek mobilizazioak egin dituztela lan-baldintza txarrak salatzeko eta enpresak egoera hobetzeko borondaterik ez duela agerian uzteko. Aurtengo maiatzetik uztailera bitartean plantillak egin dituen 16 lanuzte eta greba egunen arrazoietako bat lan- eta segurtasun-baldintza egokien aldarria zen.
Gaur gertatu den istripuak agerian uzten du laneko heriotzak eta istripuak oro har lan-eredu baten ondorio direla; eredu honek bide ematen dio gure lurralde guztian zehar prekaritatea hedatzeari. Enpresek askotan epe laburreko etekin ekonomikoa lehenesten dute, beste edozerren gainetik, eta langileen osasuna eta bizitza arriskuan jartzen dute horrela.
ELAn argi daukagu izurri sozial honentzako irtenbidea Nafarroako langile-klasearentzat kalitatezko enplegu duina bermatzea dela; horregatik dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari eta dagokien erakundei behingoz baliabide nahikoak bidera ditzaten hori lortzeko neurriak ezartze aldera, eta kontrola ditzatela enpresek lan-segurtasun eta -osasun arloan egiten dituzten arauhausteak.