Txatarra Erreinua Arena. 2012 Plana Nafarroan

Pertsonen eta partidu politikoen ideologia hitzetan baino egiten diren ekintzetan erakusten da. Honen adibide da Nafarroan batzuen mesederako egin den xahutze politika iluna. Ustelkeriarekin lotura duten gertaerak ematen diren bitartean, murrizketak egon dira oinarrizkoak diren atal guztietan, hala nola osasunean, hezkuntzan, zerbitzu sozialetan, prestazioetan...
Nafarroa galbidera eraman duten obra eta ekintzen zerrenda izugarria da, eta azken urteetan egin diren hauetako askoren atzean “Nafarroa 2012 Plana” dago. Erregimenak erregimenarentzat eginiko plana da hau, Nafarroa gobernatzen duen botere zirkuluaren erakusle.
Nafarroa 2012 Plana UPNk eta PSNk pentsatu eta sinatu zuten 2008ko apirilean, eta ondoren eman zioten babesa eta honetara batu ziren CEN, UGT eta CCOO erakundeak. Plan honek aurreikusten zuen gauza bakarra 4.508,9 miloi euroko obrak egitea da.
ELAk hasieratik oso gaizki baloratu zuen Plan hau eta politika egiteko modu hau, UPNrentzat eta PSNrentzat propaganda egiteko modu oso garestia eta alferrikakoa suertatzen baita Nafarroarentzat. Urteak pasa ahala egiaztatu da obra erraldoi guzti hauek egoera okertzeko eta dirua modu ilunean gastatzeko bakarrik balio izan dutela, gizartearentzat, ekonomiarentzat eta ingurugiroarentzat kostu altua izanik. Eta baita gutxi batzuk aberasteko ere.
Xahubide honek bultzaturiko obretako batzuk hauek dira:
- Sanferminen Museoa: 24 milioi eurotako aurrekontuarekin, Comptosen arabera 6,37 milioi euro gastatu dira egin ez den obra honetan.
- Los Arcoseko Zirkuitua: 32,5 milioietako aurrekontua zuen, baina Comptosen arabera 52 milioi euro gastatu ziren eta urtez urte 3 milioietako galerak eman ditu, azkenean arlo pribatura alokatu da zirkuitua.
- Gendulaingo Plana: Aurreikusitako gastua 259 milioi baino gehiagokoa zen, eta babesturiko 15.000 etxebizitza egitea zen asmoa.
- Nafarroako Kanala: 505,7 milioietako gastua aurreikusi zen Kanala eta Kanalaren ureztatzean. Kanalaren azken zatiak 147,5 milioi eurotako aurrekontua zuen, baina itzaleko bidesariaren bidez ordainduko denez, hemendik 30 urtera 592 milioi euro kostako da.
- Nekazaritzako Elikagaien Hiria: Tuterako industriagune hau nekazaritzako elikagaien industria bertan ezartzeko pentsatu zen. Nafarroan eta erriberan existitzen ez industri politikaren adibidea da. Hasierako aurrekontua 79,6 milioietakoa zen, eta bertan ez da inongo nekazaritza elikagaien inongo industriarik finkatu.
- Pirinoetako Autobidea eta Bideko Autobidearen lotura: Hauek zenbat kostako diren jakin ezin den beste bi obra dira, itzalpeko bidesariaren bitartez ordaintzen ari baitira.
- Abiadura Handiko Trena eta Iruñerriko Plana: Nafarroako AHTaren kostua 4.000 milioi ingurukoa izateraino helduko litzatekeela aurreikusten da, eta honekin batera Etxabakoitzeko hirigintza Plana ere egin zuten, non trenaren geltoki berria eta beste 8.130 etxebizitza egin nahi zituzten, 130,1 milioietako aurrekontuarekin.
- Noaingo Aireportuaren Hiria: 37,5 milioietako beste proiektu bat, zeinek aireportuaren bueltan inguru urbano bat eraikitzeko asmoa zuen.
- Navarra Arena Pabiloia: 60 milioietako aurrekontua zuen hasieran, eta oraindik ere irekiera baimenik ez dauka eta ez da jakina inolako erabilerarik emango ote zaion. Obra hau FCCren eta Obenasaren arteko enpresa arteko behin behineko baturak egin zuen, lanak beste enpresa batzuei azpikontratatuz. Obra hau egin zuten langileak ez zituzten izan Nafarroako eraikuntza Hitzarmenak ezarritako gutxiengo baldintzak.
Egun enpresa eraikitzaileek obra entregatua dute, baina eraikina ez dago Nafarroako Gobernuko inongo departamentura atxikia eta irekiera edo aktibitate baimenik gabe jarraitzen du. Okerrak erreklamatzeko hiru urteko bermearen epea jadanik martxan hasi da, eta ziur asko oker horiek milioi askotakoak izan daitezke, obra izugarria baita eta teknikoki oso konplexua. Arrisku hau saihesteko Gobernua langile publikoak bertako mantenua egitera bidali nahian ibili da, baina ELA Sindikatuak mugimendu horiek geldiaraztea lortu du momentuz ez baita langile hauentzako lan arriskuen legedia betetzen.
Nafarroako Gobernuak ez du inor aurkitzen Nafarroako Erreinua Arenaren kudeaketaz arduratu nahi duenik, diru galera ikaragarria izango baitzen. Eta Gobernuak berak kudeaketa hau zuzenean egiteko dirurik ere ez dauka, zor publikoa are gehiago handituko baitzen. Soilik mantentze eta zaintza lanek 300.000 euroko kostua dute urteko (pabilioia itxita dagoelarik), datu ofizialen arabera. Oraindik beste 6 milioi eurotako gastua egiteke dago, kirol federazioen egoitza egiteko. Eta larriena, beste 1,5 milioi eurotako gastua falta dela oinarrizko ekipamentuan. Baina Barcinaren Gobernuak diru xahutze honi aurpegia garbitu nahi dio bertako frontoiak Bilbokoak baino 40 eserleku gehiago dituela argudiatuz: itxita dagoen munduko frontoirik handiena dugu.
Ondorioak:
-
Gardentasun falta: Inork (ez plana sinatu zutenek ezta babesa eman ziotenek ere) ez du beregain hartu porrot egin duen plan honen ardura. Ez dakigu zenbat diru gastatu den benetan, baina ez du aurreikusitakoarekin zerikusirik izanen, ez da obra hauen erabilpenaren inguruan ezer esaten (Los Arcoseko Zirkuitua, AHT, Gendulain...), ez dakigu zenbat diru kostatzen den hauek mantentzea, asko bukatuta daude baina erabilpenik gabe, martxan jartzeko dirurik ez dagoelako (Navarra Arena Pabilioia, Nafarroako Ospitaleko Larrialdien eraikina, Lekarozeko Zentro Multifuntzionala...).
-
Murrizketak egin behar direla Gobernuaren argudioa gezurra dela erakusten da. Dirua badago, baina gauza hauetarako. Plan honek biltzen zituen 4.508,9 milioi euroak 2014ko aurrekontu proiektuak baino 854,7 milioi euro gehiago suposatzen dute, Osasun Departamentuaren aurrekontua halako 5 baino gehiago, Hezkuntza Departamentuaren aurrekontua halako 8, gizarte politiketan gastatzen dena baino 16,7 aldiz gehiago, urtebeteko langabezia prestazioen gastu osoa 144,5 aldiz...
-
ELAk Nafarroako Gobernuari eta bere Presidente Yolanda Barcinari ardura politikoak hartzeko exijitzen dio, baita kasu honetan ere. Begi bistakoa da politika eta ekintza hauek direla Nafarroan bizi dugun giza larrialdi egoerara eraman gaituztenak. Beraz hauek egiten dituztenak eta babesten dituztenak dira egoera honen arduradunak.