Udaltzainen lan poltsako hizkuntza eskakizunaren epaiak agerian uzten du EPE eta lan poltsa bateratua ez dela bide egokia hizkuntza eskubideak bermatzeko

Ebazpenak, aurretik izan diren beste batzuk bezala, erakusten du langileen behin-behinekotasuna eta hizkuntza eskubideen gaiari lehenbailehen heltzeko premia. Egoera hori konpontzeko Eusko Jaurlaritzak eta udalek egindako EPE eta lan poltsa bateratuaren aldeko hautuak erakusten du ez dela irtenbidea.
Udaltzain EPE bateratua eta lan poltsen euskara eskakizunaren auzia ez da berria. Kontuan hartu behar da Arkautek azken lan poltsan ezarri zuela lehen aldiz B2 eskaera; aurretik ez baitzegoen eskakizun hori ezarrita. Ondorioz, zenbait udaletan udaltzain plazek euskara eskakizuna izan arren, postu horietan lanean zeuden behin-behineko udaltzainek ez zuten eskakizun hori betetzen.
Egoera hori konpontzeko, Eusko Jaurlaritzak ezarri zuen azken lan poltsarako B2 eskaera. Epaiak argi erakusten du EPE bateratua ez dela irtenbidea hizkuntza eskubideak bermatzeko, ez behin-behinekotasunarekin amaitzeko. Hortaz, ELAk berresten du EPE eta lan poltsak udal bakoitzean egiteko eskaera, bai Eusko jaurlaritzari, bai udalei hizkuntza eskubideak bermatzeko eta behin-behinekotasunarekin amaitzeko.
Gainera, kontuan hartu behar da egun lanean hasiko den langileak baldintzatuko duela datozen urteotako zerbitzua. Hortaz, egungo erabakiek eragin zuzena izango dute etorkizuneko herritarren eta langileen hizkuntza eskubideetan. Hori dela eta, ELArentzat ezinbestekoa da B2 hizkuntza eskakizunaren bermatzea. Eta horretarako, euskaraz ez dakiten hautagaiei ere euskaraz ikasteko aukera eskaini behar zaie, etorkizunean euskaraz lan egin eta euskarazko zerbitzua egoki eskaintzeko.