Unai Martinez berriro izango da Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkari nagusia

2017/12/19
Unai Martinez berriro hautatu dute Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkari nagusi gaur Donostian egin den kongresuan. Federazioak 39.500 afiliatu ditu, eta Euskal Herriko ordezkaritzaren %36,91. Azken lau urteetan Nafarroako ordezkaritza %3,45 hazi da, eta EAEn %40tik gorako mailan mantendu.

Krisi urteetan galdu dena berreskuratzea izango da Federazioaren helburua kongresu ostean hasiko den aldirako. Horretarako IEFek negoziazio kolektibo oldarkorra egiten jarraituko du; lan-hitzarmenen bidez erreformei eta prekarietateari aurre egingo die, horretarako soldata igoera onak eta lanaldia murriztea aldarrikatuz. Industriaren etorkizunaz ere jardun dira kongresu honetan.

Kongresuan eman duen hitzaldian Federazioko idazkari nagusi Unai Martinezek ELAren borroka aipatu du, borroka horren nondik-norakoak azpimarratuz, alegia, krisiaren eta enpresarien onerako egindako lan-erreformen testuinguruan egin behar izan dela nabarmenduz. “Patronalak ez die uko egingo legez dituen abantailei, guk kendu behar dizkiegu. Antolakuntza handiz hasi gara enpresak lan-erreformatik blindatzen. Hasieran bakan batzuk, gero hamarka, geroago ehunka, enpresa handi eta txikiak” adierazi du. Bere iritziz erreformaren bidez sindikalismoaren laguntza bilatu dute, soldatak merkatzeko; baina ELAk apustu garbia egin du “erreforma enpresetatik kanpo” uztearen alde, erreibindikazioaz eta borrokaz baliatuz. Horretarako, ELAren aukera “enpresa-hitzarmenak izan dira, enpresariaren alde bakarreko erabakiak baztertzearren”. Negoziazio-esparruen gaineko eztabaida gainditu da eguneroko praktikan. Edukiek markatzen dituzte negoziazio-esparruak.

Testuingurua are latzagoa izan da eraikuntzaren eta obra publikoaren sektorean, ez baita betetzen sektore-hitzarmenetan jasotakoa. Martinezen esanetan krisi-garaian helburu nagusia enpleguari eustea eta lantokien iraupena ziurtatzea da. “Orain dela hamar urte, krisia edo, hobeto esateko, iruzur hori hasi zenean, guk erabaki genuen enpresei ez laguntzea enplegu-murrizketetan, ezta itxieretan ere. Ingurumenaren aldetik jasangarri den eta enpleguaren aldetik kalitatezko postuak eskaintzen dituen industria baten aldeko borrokan aitzindariak izan gara Euskal Herrian”.

Halaber, EAEko eta Nafarroako gobernuen jokabidea kritikatu du, “kapitalaren azpikontrata moduan aritzen dira” esanez, eta Eusko Jaurlaritzaren kasuan ELArekin bildu nahi ez izatea leporatuz. Ez dute industria-politikaz eztabaidatu nahi, propagandarako baino ez baitute erabiltzen.

Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkari nagusiak militanteen lan eskerga goraipatu du, eta baita negoziazio kolektiboan atal sindikaletako lana ere.

Kongresuak Batzorde Iraunkorraren partaideak onartu ditu (%94,96%).Honako kideek osatuko dute Batzordea: Unai Martinez idazkari nagusia, Luis Fernandez idazkari nagusiaren ondokoa,Andoni Eizmendi,Uribarri Idigoras, Mikel Etxebarria, Imanol Pascual, Egoitz Iturbe.

Bestalde, Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak nabarmendu du ekintza sindikala soilik posible dela eremu sindikalizatuetan, eta ezinbestekoak dituela antolakuntza eta bitarteko ekonomikoak, esaterako greba-kutxa.

Muñozek aipatu ditu lizitazio publikoetan onartzen diren abusuzko baldintzak, hauek esplotazioa eragiten baitute; Eusko Jaurlaritzak ere honekin zerikusia badu. Idazkari nagusiak agintarien hipokrisia salatu du: "soldaten igoera aipatzen duten bitartean beren administrazioetan kontrakoa egiten dute": Herrilanen eremuan langileen miseria areagotzen dute.

ELAko buruarentzat EAJ, PSE eta PP bat datoz politika ekonomikoan ez ezik baita patronalari ematen dioten babesari eta traba egiten dieten organizazioen aurkako joeran ere; hauetako bat da ELA; Muñozek kargu hartu die politikariei, ELArekiko agertzen duten intolerantziagatik. Hain zuzen, gogoratu du birritan eskatu diola bilera Urkullu lehendakariari, baina honek ez dituela Euskal Herriko sindikatu nagusiaren ordezkariak hartu. Industria eta Herrizaingo sailek ere politika bera daramate, ez baitute ELArekin batzarrik egin nahi izan. "Era bakarreko harremana nahi dute, klientelarra, eta ELAk ez du halakorik onartuko".

Ezkerreko alderdiei Txikik eskatu die oposizio lana egin dezatela, eta gai sozialak ez ditzatela bigarren mailan jarri.