Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntza Publikoaren ordezkari sindikalek ikasturte honetan Hezkuntza Sailak izandako iharduerari suspentso borobila eman diote

2006/06/20

STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGTko ordezkariek, sektoreko gehiengoa osatzen duten sindikatuak, ez dute zalantzarik izan EAEko Hezkuntza Administrazioari suspentso borobila emateko bukatzear den ikasturte honetan izan duen jarreragatik.

Gaur goizean Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen berriaren negoziazioan Hezkuntza Saila mantentzen ari den jarrera salatzeko egin duten elkarretaratzearen karira jakinarazi dute suspentso hori ordezkari sindikalek. Ekitaldi berean, sindikatu hauek Hezkuntza Sailari helarazi dizkiote euren aldarrikapenen alde ehundaka ikastetxetako klaustroek igorritako idatziak.

Joan den maiatzaren 18az geroztik, data horretan hautsi zen negoziazio-mahaia, sindikatuek asanbladak eta elkarretaratzeak egin dituzte eta sarri zuzendu zaizkie Hezkuntza Sailaren arduradunei, baita Tontxu Campos Sailburuari berari ere, jarrera-aldaketa eskatuz eta Hezkuntza Sailak negoziazioa edukiez hornitu dezan, era horretan lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen berria gaur egun jasaten ari den blokeo-egoera gainditu ahal izateko.

Haatik, gaur arte eskaera horiek ez dute inolako eraginik izan. Isiltasuna eta Irakaskuntza Publikoaz hedabideei eginiko adierazpen autokonplazienteak izan dira erantzun bakarra.

Baina, sindikatuek aurkeztutako aldarrikapenak egonkortasuna, 55 urtetik gorakoentzako lanaldi-murrizketak, ratioen eta irakastorduen jaitsierak, figura berrien ezarpena, erosteko ahalmenaren berreskurapena & ezin dira gainditu isiltasuna edota autokonplazientziaren bitartez. Hortaz, ikasturte honetako suspentso borobilaren ondoren, gai hauek guztiak errepikatu egin beharko ditu Hezkuntza Sailak eta, negoziazioak aurrera era egokian egin ezean, gatazkak ezinbestez okerrera egingo du datorren ikasturtean.

Administrazioaren jarreraren kontrapuntu bezala, sindikatuek elkarretaratzea baliatu dute Eusko Jaurlaritzari helarazteko euren aldarrikapenen alde ehundaka ikastetxetako klaustroek igorritako idatziak. Oso era positiboan baloratu dituzte sindikatuek atxikimendi hauek, kontuan izan behar baita ikasturte bukaera ez dela unerik egokiena eta oso denbora laburrean bildutakoak izan direla. Sindikatuen ustez, aurkeztu dituzten aldarrikapenekiko irakasleen eta ikastetxeen adostasun zabala adierazten dute atxikimendu-idatzi hauek. Epea itxita ez dagoenez, hemendik aurrera beste klaustro askoren atxikimenduak ere jasotzea espero dute.